2013 urte amaieran eta 2014aren hasieran, Ukrainiako gerrak eztanda egin aurretik, Kieveko Maidan plaza nagusian jazotakoak biltzen dituen Sergei Loznitsaren dokumental homonimoa bihar, urtarrilak 27, Donostiako Tabakaleran aurkeztuko dute, Zinema Independentea zirkuituan.

Sergei Loznitsa zuzendari bieloerrusiarrak Maidan (Independentzia, ukraineraz) plazan jarri zuen bere kamera 2013ko abenduan, eta ingurua behatzeari ekin zion: bertan biltzen ziren herritarren protestak, begiradak, ereserkiak, kantak, aldarriak, oihuak… Tentsioak gora egin zuen pixkanaka, liskarrak hasi ziren, Errusiaren aldekoen protestek indarra hartu zuten, eta gerora, 2014ko apirilean, gerra zibila abiatu zen. Bada, Loznitsaren kamerak jendartearen mugimenduak eta herrialde barneko gatazka erretratatu zituen, 130 minutuko Maidan dokumentalari bide emanez. Lana Cannesko Zinemaldian aurkeztu zuten iaz.

Ukrainiako ziklo aldaketaren oinarriak biltzen dituen dokumentala bihar izango da ikusgai Donostiako Tabakaleran, 19:00etan. Iratxe Fresneda EHUko irakasle, ikertzaile eta kazetariak hitzaurrea egingo du, eta emanaldiaren ostean dokumentalaz eta Ukrainian jazotakoaz mintzatzeko aukera izango da. Sarrerak 3,5 euro balioko ditu.