Fas_Zinekluba_Zinea.eu

Bilboko El Carmen aretoan asteartero egiten duten Fas Zineklubak urteko lehen hirulekoko filmak aurkeztu ditu. Datorren asteartean, urtarrilak 20, Asghar Farhadiren Le passé (2013) eskainiko dute, eta hilaren 27an Roberto Castónen Los tontos y los estúpidos (2014).

Zine eskaintza interesgarri bezain zabala prestatu dute Bilboko Fas Zineklubeko arduradunek datorren hiruhilekorako. Emanaldiak astearteetan egiten dituzte Indautxuko enparantzako El Carmen aretoan, eta sarrera arrunta 5 euroren truke eskuratu dezakete ikusleek. Dena den, urte hasiera aprobetxatuz, urte osorako bonua har dezakezue 80 euroren truke.

Lehen emanaldia iragan astearten egin zuten; Woody Allenen Zelig (1983) eskaini zuten, eta Korten film laburren zinemaldiko lehen lana, Lander Otaola eta Iñaki Reynaren Preguntador, ere izan zen ikusgai. Datorren asteartean, ostera, Asghar Farhadi zinegile eta gidoigile iraniarraren Le passé eskainiko dute, aurkeztu zen urtean hainbat izendapen eta sari eskuratutakoa, tartean, Cannesko Zinemaldiko emakumezko aktore onenaren saria Bérénice Bejorentzat. Hilaren 27an, aldiz, Donostia Zinemaldian estreinatu zuten Roberto Castónen Los tontos y los estúpidos filmaren txanda helduko da, eta Korten zinemaldiaren baitan, Caston beraren Errudun sentitzen naiz izango da ikusgai.

Otsaileko programazioa, aldiz, ondorengoa izango da: hilaren 3an, Spike Jonzeren Her (2014) interesgarria, 10ean Rithy Panhen L’image manquante (2013), 17an Pier Paolo Pasoliniren Teorema (1968) klasikoa, eta 24an Nuri Bilge Ceylan turkiarraren Kis uykusu (2014).

Martxoan, azkenik, Luis López Carrascoren El futuro (2013), Guillaume Gallienne frantsesaren Les garçons et Guillaume, à table (2013) komedia, iazko Cannesko Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu zuten Dardenne anaien Deux jours, une nuit belgikarra (2014), Sarah Polleyren Stories we tell (2012), eta Victor Erice, Pedro Costa, Manoel de Oliveira eta Aki Kaurismäkiren Centro Histórico (2012) ekoizpen portugaldarra izango dira ikusgai 3an hasi eta 31ra arte.