Sundanceko Zinemaldiko film onenaren eta ikusleen sariak, besteak beste, eskuratu zituen Whiplash drama bihartik aurrera zinemetan izango da ikusgai. Andrew Neiman bateria-jotzaile gaztea da Damien Chazellek zuzendutako filmeko protagonista, eta helburuak lortzeko gogor lan egitearen eta jomuga horiek obsesio bilakatzearen inguruan dihardu lanak. Orotara, hamabi izendapen baino gehiago eskuratu zituen 2014an.
Stephen Hawking astrofisiko ospetsuak eta haren lehen emazte Jane Wildek zientzialaria gurpildun ahulkira eraman zuen gaitzaren aurka nola borrokatu zuten azaltzen du James Marshen The Theory of Everything lanak. Hawkingen eleberrian oinarrituta dago, eta 2014ko Urrezko Globoetarako lau izendapen eskuratu zituen, besteak beste. Kritika bikainak izan ditu.
Julianne Moore aktore ezaguna alzheimer gaitzaren hastapenak jasaten ari den irakaslearen azalean sartuko da Still Alice filmean. Richard Glatzer eta Wash Westmoreland zinegileek gidatu dute filma, eta dozena bat izendapen eskuratu ditu jada AEBetan, bereziki, aktore nagusiaren lana goraipatuz.
Alemaniatik Hector and the Search for Happiness (Peter Chelsom) komedia helduko zaigu. Filmak Simon Pegg aktoreak haragitutako psikiatraren bizimodua azalduko du; gizona nekatuta dago bere bizitzarekin, eta bezeroei ematen dizkien aholkuek ezer gutxi balio dutela ohartu da. Horregatik, munduari bira ematea erabakiko du zoriontasunaren sekretua topatu asmoz.
The Babadook beldurrezko film austrailiarrak, halaber, Opera Prima onenaren saria eskuratu zuen iaz New Yorkeko Kritikarien Zirkuluaren eskutik. Sei urteko Samuel mutikoa izututa bizi da ametsetan agertzen zaion munstroa dela-eta. Etxean The Babadook liburua aurkituko du, eta Babadook bere ametsetako munstroa dela usteko du. Amak ezingo du semea kontrolatu, gero eta oldarkorragoa bihurtuko baita; eta halako batean, etxean itzalak ikusten hasiko da, semearen teoriak egi bilakatuz.
We Are What We Are film estatubatuarra ikustera joaten direnek ere beldurra pasako dute. Izan ere, Jim Micklek aurkeztutako lanak Parker familia tradizionalaren ohitura ezkutuak pantailaratuko ditu. Ama hil ostean, Iris eta Rose alabek egiteko berria izango dute etxean: otorduetarako haragia lortzea. Baina ez saltoki arruntetan.
Olivier Megatonek izenpetutako Taken 3 lana izango da asteko azken estreinaldia. Liam Nesson aktoreak Bryan Mills agente ohia interpretatuko du; bere emaztearen hilketa egozten diotenean, Polizia eta zerbitzu sekretuengandik ihesi ibili beharko da, alaba maitea kosta ala kosta babesteko.