Iran, Siria, Espainia, Ukrainia, AEB, Erresuma Batua nahiz Serbiako protesta modu baketsuen analisia egiten du Arash eta Arman T. Riahi zinegile iraniarren Everyday Rebellion dokumentalak. DocsBarcelonak abiatutako Hilabeko Dokumentala ekimenari esker, Euskal Herriko hainbat aretotan ikusgai izango da urtarrilean.

Riahi anaiak Iranen jaio ziren, baina Vienan bizi dira 1982az geroztik. Azken urteetan nazioarteko herrialdeetan orokortu diren protesta modu baketsuen aniztasunak liluratuta, horien jatorriak, antzekotasunak, helburuak eta modalitateak biltzen dituen 104 minutuko dokumentala egin zuten iaz, Everyday Rebellion izenekoa. Besteak beste, Espainiako Suminduekin, AEBtako Occupy Wall Street mugimenduko kideekin, Udaberri Arabiarra piztu zuten herritarrekin eta Ukrainiako Femen aktibistekin izan ziren berau osatzeko.

Orain arte dozena erdi jaialditan aurkeztu dute, eta urtarrilean Hilabeteko Dokumentala egitasmoan izango da. Gurean, Bilboko Multicine 7 zinemetan, Elorrioko Iturri Kultur Etxean, Ordiziako Herri Antzokian, Pasaiako Trintxerpeko Pleno Aretoan, Donostiako Trueba zinemetan, Tolosako Leidor aretoan, Urnietako Sarobe Zentroan eta Gasteizeko Florida Zinemetan izango da ikusgai.