12. Zinegoak Bilboko Zinema eta Arte Eszeniko Gay, Bisexual, Lesbo eta Trans Jaialdia urtarrilaren 26tik otsailaren 2ra luzatuko da. Aurten aurreneko aldiz euskaraz azpititulatutako filmen hiru ziklo egingo dituzte, eta Fernando Díez ekoizle bilbotarra omenduko dute.
Jaialdiaren behin-betiko egitaraua datozen asteetan argituko badute ere, Zinegoak jaialdiko arduradunek hainbat film aurreratu dituzte jada, hala nola, ekimena zabalduko duen eta Geraldine Chaplin buru duen Israel Cárdenas eta Laura Amelia Guzmánen Dolares en la arena dominikarra, eta Errusiako gay eta lesbianen egoera salatzen duen Askold Kurov eta Pavel Lopareven Children 404.
Gainera, jaialdiak berritasun ugari izango dituela azpimarratu dute, tartean, euskararen presentzia nabarmenagoa. Izan ere, euskaraz azpititulatutako filmen hiru ziklo egingo dituzte. Ohorezko Sari Berezia, ostera, 2014an estreinatu zituzten hiru LGBT filmetan parte hartu duen Fernando Díez ekoizle bilbotarrak jasoko du. Hain zuzen, Mikel Rueda bilbotarraren A escondidas, Roberto Castónen Los tontos y los estúpidos eta otsailaren 1ean BBK aretoan estreinatuko duten Marilyn Solayaren Vestido de Novia dira hiru film horiek.