Urtarrilaren 10etik 17ra egingo dute zortzigarren Dock Of The Bay musika dokumentalen Donostiako zinemaldia, eta orotara 19 lan eskainiko dituztela jakinarazi dute gaur antolatzaileek, 11 sail ofizialean eta zortzi lehiaketatik kanpo.
Nazioartean erreferentziazko jaialdi bilakatzen ari da Qualiak antolatutako Dock Of The Bay musika dokumentalen jaialdia, eta horren erakusle da zortzigarren edizion bilduko dituen nazioarteko nahiz bertako ekoizpenen maila altua. Sail ofizialean, hain zuzen, 11 film lehiatuko dira: Mike Oldfield musikariari buruzko Tubular Bells: The Mike Oldfield Story (Matt O’Casey), Lamb of God metal taldearen inguruko Don Argotten As the Palaces Burn, Elliot Smith kantautoreari buruzko Heaven Adores You (Nickolas Rossi), Doctor Deseo talde euskaldunaren inguruko Carlos Iglesias Serrano eta Xabier Agirre Arenazaren Doctor Deseo: Busco en tus labios, Eskorbuto musika taldea ardatz duen Kikol Grauren Eskorbuto. Las más macabras de las vidas, Juan Antonio Castillo musikari eta antzerkigilearen inguruko Patuchas, El hombre de los mil limones (Asbel Esteve Obiol), Michael Andreas Häringer 13 urteko pianistaren birtuosismoan oinarritutako Natalie Johanna Hallaren El heredero de Listz, emakumezko mariachiei buruzko This Lovely Shitty Life (Doris Dörrie), AEBetako lau talde ezagunen biraren kontaketa egiten duen Austin to Boston (James Marcus Haney), Jett Rebel musikariaren atzean dagoen Jelte Tuinstra artistari buruzko Linda Hakeboomen Who the Fuck is Jett Rebel, eta Grand Funk of Glam Twisted Sister taldearen mundu surrealista erretratatzen duen We are Twisting Fuckin sister (Andrew Horn). Denetariko musika, artista eta ekoizpenak bilduko ditu jaialdiak.
Irekiera ekitaldia urtarrilaren 10ean, larunbata, egingo dute Antzoki Zaharrean; Psicho Beat DJak girotuko du jaia 17:45etik aurrera, eta 18:30ean The Doors taldeak 1968an ekoitzitako The Doors Feast of Friends dokumentala aurkeztuko dute lehiaketatik kanpo; taldeak osatutako lan bakarra da, Paul Ferrara estatubatuarrak zuzendutakoa. Segidan, Freddie Mercury: The Great Pretender (Rhys Thomas, 2012) 20:00etan eta Spandau Ballet: Soul Boys of the Western World (Geroge Hencken, 2014) 22:20ean izango dira ikusgai, erakusketako sailean, baita ere. Egitarau osoa ikusteko, sartu hemen.
Sariak
Sarrerek 7 euro balioko dute, eta lehiaketako epaimahaiak ez ezik, ikusleek ere film onenaren Sade saria emateko aukera izango dute, 1.000 eurokoa (epaimahaiarena 2.000 eurokoa izango da). Guayana Films ekoizpen etxeak, halaber, lehiaketa nahiz erakusketa ataleko lan bat hautatuko du Espainiar estatuan banatzeko.
Hilaren 17an, azkenik, Cachitos DJaren musikarekin abiatuko dute itxiera ekitaldia, eta sari banaketaren ostean Super Duper Alice Cooper (Reinald Harkema) eskainiko dute Antzoki Zaharrean 22:15ean.