2015eko otsailaren 10etik 15era egingo dute datorren Punto de Vista dokumentalen zinemaldia Iruñean. Hautapen batzordeak dagoeneko aukeratu ditu Sail Ofizialean lehiatuko diren 17 lanak, 1.237 ikuskatu ostean.

Urteroko maiztasuna berreskuratuko du Nafarroako Gobernuak eta Baluarte Fundazioak antolatzen duten Punto de Vista Iruñeako Nazioarteko Dokumentalen Jaialdiak bere bederatzigarren edizioan. Otsailaren 10etik 15era luzatuko da, eta hainbat datu aditzera eman dituzte antolatzaileek.

Esaterako, orain arte proposamen berritzaileak jasotzen zituen Erdigunea (Región Central) sailak Sail Ofizialarekin bat egingo du aurtengoan, eta orotara 17 lan eskainiko dituzte bertan, ondorengoak: Jorge Leónen Before We Go (goian ikusgai), Carolina Camporen El hombre congelado, Diego Gutierrezen Traces, Stephane Manchematin eta Serge Steyerren Le complexe de la salamandre, Louis Hendersonen Lettres du Voyant, Eric Baudelaireren Letters to Max, Chris Guderen Mambo Cool, Mohammad Ali Atassiren Our Terrible Country, eta Antoine Bouteten South to North film luzeen artean.

Laburrei dagokienez, ostera, Carl Olssonen Blessed Be This Place, Guillermo Moncayoren Echo Chamber, Joan Antúnezen Out, Kerstin Schroedinger eta Mareike Bernienen Rainbow’s Gravity, Fernando Vilchezen Solo te puedo mostrar el color, Teresa Czepiecen Super Unit, Jessica Bardsleyren The Balzing World, eta Chu-Li Sewringen eta Adam Gutch Working To Beat The Devil.

Haien artean film onenaren saria (10.000 euro), zuzendaritza onenaren saria (5.000 euro), film labur onenaren saria (3.000) euro, eta aipamen bereziak (bi gehienez ere) banatuko ditu epeimahaiak, eta bestelako sari bereziak ere egongo dira: ikusleen saria film onenari, gazteen saria, eta Rencontres Cinématografiques de Cerbère-Portbou saria.

Gainera, Orson Wellesek Ipar Euskal Herriari buruz errodatutako dokumentalak ere eskainiko dituzte: Pays Basque I (The Basque Countries, 1955) eta Pays Basque II (La Pelote Basque, 1955).