Datorren ostiralean, abenduak 26, XIV. Beasaingo Film Laburren Emanaldia egingo dute, Gau Laburra izenekoa. Orotara hamabost lan izango dira ikusgai, tartean, Kepa Sojoren Loco con ballesta, Aitor Gutiérrezen Anómalo eta Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen.
Beasaingo Goieniz Zineklubak antolatutako Gau Laburra ekimena ostiral honetan egingo dute herriko Usurbe antzokian. Sarrerak lau euro balioko ditu, eta emanaldia bi zatitan banatuko dute: 20:00etan lehen zatia, eta 22:00etan bigarrena.
Lehen atalean Aitor Gutiérrezen Anómalo, Adrian Bohmen Vivos, Angel Manzanoren Tupper, Moises Romera eta Marisa Cresporen Un lugar mejor, Nacho Solanaren Namnala, La Lay Stefanen La carte eta Kepa Sojoren Loco con ballesta izango dira ikusgai; azkena, hain zuzen, 2015eko Goya sarietarako aurre-izendatu dute, umorezko film labur onenaren kategorian. Orotara 81 minutu iraungo ditu proiekzioak.
Bigarrenean, ostera, Gabriel Beitiaren No sabes la suerte que tienes, Kote Camachoren Don Miguel, Miguel A. Carmonaren Subterraneo, Manu Buenoren Sólo sabes follar, Javier Maciperen Os meninos do rio, Jakub Kourilen Mali Cousteau, Alvaro Marínen Estocolmo eta Aitor Arregiren Zarautzen erosi nuen; 85 minutu, oraingoan.