Zineuskadik eta Euskadiko Filmategiak bat egin dute bigarrenez Gabonetan haurrentzako euskarazko filmen eskaintza atontzeko. Abenduaren 27an eta 28an, eta urtarrilaren 3an eta 4an, hamalau film ezberdin eskainiko dituzte Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Urruñeako aretoetan euro baten truke!
Gabonetako oporraldian, eguraldi kaxkarraren eraginez, zaila izaten da haurrekin planak egitea. Aldiz, zinemara joatea aukera ezin hobea da! Horregatik, gaztetxoei zuzendutako hamalau film euskaraz ikusteko aukera izango da datozen bi asteburuetan (abenduak 27-28 eta urtarrilak 3-4) Euskal Herriko sei areotatan, eta gainera, euro baten truke soilik!
Aretoak ondorengoak dira: EiTB Multibox aretoa eta Alhondegiko Golem zinemak Bilbon, Printzipe zinema Donostian, Florida zinema Gasteizen, Golem Baiona zinema Iruñean, eta Itsas Mendi- La Corderie aretoa Urruñan. Filmak, ostera, Aita, zonbia naiz (Ricardo Ramón eta Joan Espinach, 2011), Blackie & Kanuto (Francis Nielsen, 2012), Bram Barrabas (Anna van der Heide, 2012), Dinosauroen artean (Barry Cook eta Neil Nightingale, 2013), Dragon Ball Z (Masahiro Hosoda, 2013), Ernest & Celestine (Benjamin Renner, Vincent Patar eta Stephane Aubier, 2013), Freddy Igeldegi (Peter Dodd, 2012), Gazte harrigarria, T.S. Spivet (Jean-Pierre Jeunet, 2013), Jelly T, Tarzan eskasa (Michael Hegner, 2013), Maya Erlea (Alexs Stadermann eta Glenn Fraser, 2014), Olentzero eta iratxoen jauntxoa (Gorka Vázquez, 2011), Tarzan (Reinhard Klooss, 2013), Zigortzaileak (Arantza Ibarra, 2010) eta Zipi & Zape eta kanikaren kluba (Oskar Santos, 2013).
Emanaldiak, gainera, goizeko 11:00etan izango dira. Kontsultatu egutegia hemen.