VII. Animadeba Zinemaldia abenduaren 26tik 30era luzatuko da, ostiraletik asteartera. Lehen egunean Juanba Berasategi animazio zuzendari ezagunak hitzaldia eskainiko du 18:00etan Agirre Jauregian, eta ondorengo egunetan haur eta helduentzako animaziozko film ugari izango dira ikusgai.

Animazioak gorakada nabarmena jasan du azken hamarkadan. AEBetako eta Japoniako film arrakastatsuetatik haratago, gurean ere film labur nahiz luze bikain ugari ekoitzi dira azken aldian, eta teknikak gero eta anitz eta sofistikatuagoak dira. Hala ere, animazioaren industria egonkortzea eta balioan jartzea falta da oraindik nazioartean nahiz gurean.

Bada, zeregin horrren hondar aletxo bat jarri asmoz, Animadeba zinemaldia egingo dute beste behin ere Deban. Datorren ostiralean, abenduak 26, 18:00etan abiatuko dute ekimena Jaunba Berasategi animazio zuzendari ezagunaren mintzaldiarekin, eta segidan Berasategik berak 1977an osatutako Ekialdeko Izarra film laburra eskainiko dute. Ondoren, Hayao Miyazakiren 2013ko Kaze tachinu lan japoniarrra izango da ikusgai.

Hurrengo egunean, ostera, Juanba Berasategiren beste film labur batekin hasiko dute programa: Tormesekoitsumutila. 2012ko lana da, eta 17:00etan eskainiko dute. Filma amaitutakoan, Imanol Ituño magoaren ikuskizunaz gozatzeko tartea izango da, 19:00etan.

Igandean, bestetik, Ernest & Celestine (Benjamin Renner, Vincent Patar eta Stephane Aubier, 2012) film frantziarra izango da ikusgai 17:00etan, eta 19:00etan rotoskopia teknika baliatuz, Maitane Puebla eta Aitor Oñederrak DBH1eko ikasleekin egindako lan esperimentala eskainiko dute.

Abenduaren 29an, astelehena, Julen Agirreren Oiartzun film laburra eskainiko dute 19:00etan, ondoren Juan José Campanellak iaz aurkeztutako Futbolín arrakastatsuaren txanda izango da, eta 22:30ean Doctor Deseo taldeak kontzertua eskainiko du Plaza Zaharrean.

Jaialdia ixteko, azkenik, aurtengo Kimuak katalogoan eta Nontzefilmak lehiaketan hautatuak izan diren animaziozko filmak proiektatuko dituzte 19:00etatik aurrera, 11 orotara. Gortina lehiaketa egingo dute segidan, eta aurten hamar urte bete dituen Bill Plymptonen Hair High animaziozko filam eskainiko dute 22:00etan Gaztetxean.