Zinearen historiako film ezagunenetakoa den Gone with the Wind lanak 75 urte betetzen ditu gaur, abenduaren 15ean. 1936an Pulitzer saria irabazi zuen Margaret Mitchell idazlearen eleberrian oinarrituta dago, eta film onenaren garaikurra ez ezik, beste hainbat ere eskuratu zituen 1939ko Oscar sarietan.

4 milioi dolarreko aurrekontuarekin, 1939ko urtarrilaren 26an abiatu zuten errodajea Atlantan, AEBen hegoaldean; ekainaren 1ean amaitu zuten, 125 egun geroago. Dena den, errodajea baino luzeago joan zen aktore nagusia aukeratzeko castinga, David. O. Selznick ekoizleak Scarletten ezaugarri zehatzak betetzen zituen emakumea nahi baitzuen filmerako. Orotara 1.400 hautagi baino gehiago behatu zituzten bi urtetan, eta azkenean, Vivien Leigh ingelesa aukeratu zuten. Gainerako paperak hautatzeko ez duten zalantza handiegirik izan.

Lanak XIX. mendearen erdialdean AEBen hegoaldean bizi den O’Hara familiaz dihardu. Scarlett alaba pasio handiko neskato apetatsua da, eta bere lehengusina Melanie Hamiltonekin (Olivia de Havilland) ezkonduko den Aslhey Wilkes (Leslie Howard) gaztearekin maiteminduta dago. Etxalde handi batean bizi dira, lurrak dituzte eta baita haiek lantzen dituzten esklabuak ere. Baina halako batean, Sezesio-gerrak eztanda egingo du, eta zailtasunei aurre egiten ikasi beharko dute. Rhet Butler (Clark Gable) gizon atseginak badu gerraren berri, eta Scarlettekin maiteminduta dago, hark hura maite ez duen arren.

Sariak

Filma 1939ko abenduaren 15ean estreinatu zuten Atlantako Loews antzokian. Sekulako estreinaldia egin zuten, eta Georgiako gobernadoreak hiru egun iraun zituen festa antolatu zuen. Urte hartako Oscar sarietan film onenaren, zuzendari onenaren (Victor Fleming), emakumezko aktore onenaren (Vivien Leigh), taldeko emakumezko aktore onenaren (Hattie McDanielek eskuratu zuen, neskamearen papera egiten zuen emakumeak), egokitutako gidoi onenaren (Sidney Howard), arte zuzendari onenaren (Lyle Wheeler), argazki onenaren (Ernest Haller eta Ray Rennehan), eta muntaia onenaren (Hal C. Kern eta James E. Newcom) sariak eskuratu zituen, besteak beste. 10, guztira.

224 minutuko iraupena du, eta baliatutako teknika, garai hartan, aurrerapauso handia izan zen. Errodaje arazoak tarteko, dena den, hiru zuzendari izan zituen: Victor Fleming, Goerge Cukor eta Sam Wood.