Pixkanaka, nazioarteko errekonozimendua eskuratzen ari diren Europako Zinema Sariak larunbatean banatu zituzten Rigan, Letonian, eta II. Mundu Gerran Poloniak izandako papera pantailaratzen duen Pawel Pawlikowskiren Ida lanak eskuratu ditu gidoi, zuzendari eta filme onenaren sariak.
Aurten 27. edizioa izan dute Europako Zinema Sariek. Europako Zinema Akademiako kide dire 3.000tik gora zinegile arduratu dira bozkak banatzeaz, eta haien iritziz, mojagaia den Ida gazteari buruzko lan poloniar homonimoa izan da urteko film europar onena. Ez hori bakarrik, gidoi eta zuzendari onenaren sariak ere eskuratu ditu lanak.
Gainera, Urrezko Globoetarako izendatu zuten iaz, ingelesa ez den hizkuntzan ekoitzitako film onenaren saria jasotzeko, eta New Yorkeko Kritikariek ere atzerriko film onenaren saria eman diote aurten, besteak beste. Orotara, 10 sari baino gehiago eskuratu ditu 2013an estreinatu zenetik.
Emakumezko aktore onenaren garaikurra, ostera, Marion Cotillard frantsesak eskuratu du Deux Jours, Une Nuit (Jean-Pierre Dardenne eta Luc Dardenne) filmean egindako lanagatik, eta Timothy Spall ingelesari eman diote gizonezko aktore onenarena, Mr. Turner (Mike Leigh) filmagatik. Komedia onenaren saria La mafia uccide solo d’estate (Pierfrancesco Diliberto) lanak jaso du, dokumental onenarena Master of the Universe (Marc Bauder) filmak, eta animaziozko lan onenarena L’arte della Felicitá (Alessandro Rak) lanak. Sari guztiak ikusteko, sartu hemen.