Europako Zinema Sarietan dokumental onenaren garaikurra eskuratu du Marc Bauder alemaniarraren Master of the Universe (2013) lanak. Bada, DocsBarcelona dokumentalen zinemaldiak abiatutako Hilabeteko Dokumentala ekimenak lan horixe eskainiko du abenduan.
Bilboko Multicine 7k, Elorrioko Iturri Kultur Etxeak, Ordiziako Herri Antzokiak, Pasaiako Trintxerpeko Pleno Aretoak, Donostiako Truebak, Tolosako Leidor aretoak, Urnietako Sarobe Zentroak eta Gasteizeko Florida Zinemek Master of the Universe dokumentala eskainiko dute abenduan; horiek dira, hain zuzen, DoscBarcelonak abiatutako ekimenarekin bat egin duten euskal zinema aretoak.
Marc Bauderren lanak bankariek egun duten boterea salatzen du; politikariak, armadak eta gobernuak baino ahaltsuagoak dira. Horregatik, Alemaniako bankari baten testigantzak bildu nahi izan ditu Master of the Univers lanean. Hark emozioekiko, motibazioarekiko eta aurreikuspenekiko oso bestelako ikuspegia du, eta neurri-gabeko diru-sartzeak eta sekulako presioa ohikoak diren unibertsoa ekarriko du argitara.
Filma hainbat jaialditan aurkeztua izan da 2013az geroztik, eta larunbatean 2014ko Europako dokumental onenaren saria eskuratu zuen Europako Zinema Sarietan.