Imanol Uribe zinegile euskalduna Lejos del Mar bere film berria errodatzen ari da egunotan Cabo de Gatako natur parkean. La Muerte de Mikel eta Días contados lanek abiatutako trilogia itxiko du horrela, 2015eko udazkenean.
Iragan azaroaren 10ean hasi zen Uriberen lan berrienaren errodajea, eta datorren abenduaren 23ra bitarte luzatuko da. Eduard Fernández aktore katalana eta Elena Anaya espainiarra izango dira Lejos del Mar filmeko protagonistak, José Luis García Pérez eta Nacho Mateorekin batera, eta terrorismoaren gaia izango du aztergai.
Antonio P. Pérez andaluziarrak Suroeste Films ekoizpen etxearentzako osatutako lana izango da, eta bertatik aditzera eman dutenez, Uriberen estilo puruenaren isla izango da. 2015eko udazkenean estreinatzeko asmoa dute, eta urteko filmetako bat izan daitekeela iragarri dute.