Aurtengo Berlingo Zinemaldian gidoi onenaren saria irabazi zuen Kreuzweg film alemaniarra asteburuan helduko da gure zinema aretoetara. Dietrich Brüggemann zinegileak hamalau urteko Mariaren egunerokoa pantailaratu du. Eskolan nerabe arrunta da, baina etxean San Pio XII Elkartearen aginduak eta sozietateak egiten duen katolizismoaren interpretazio tradizionala errespetatu behar ditu. Valladolideko Nazioarteko Zinemaren Astean FIPRESCI saria eta Zilarrezko Buruxka jaso zituen, gainera.

Argentinatik XIX. mendean girotutako drama datorkigu, Jauja. Viggo Mortensen aktore ospetsua Lisandro Alonso zuzendariaren aginduetara jarri da Jauja izeneko oparotasunaren eta zorionatsunaren lurralde mitologikoaren bilaketa irudikatzeko. Filmak Canneseko Zinemaldiko FIPRESCI saria eskuratu zuen, eta Donostia Zinemaldiko, Mar de Platako Nazioarteko Zinemaldiko eta La Habana Zinemaldiko sail ofizialetan aurkeztu zuten.

James Brown soularen aitabitxiaren musikan, bizitzan eta aldarte aldakorretan oinarritutako filma, Get on Up, ere ostiral honetan estreinatuko dute gurean. Chadwick Boseman sartu da Brownen azalean, eta Tate Taylorren gidaritzapean, XX. mendeko itzal handiko musikariaren erretratua osatu dute.

Theodore Melfi estatubatuarrak, halaber, St. Vincent aurkeztuko du, Bill Murray, Melissa McCarthy eta Naomi Watts buru dituen komedia. Senarrik ez duen eta lanagatik semea zaintzeko zailtasunak dituen ama batek (Melissa McCarthy) agure ipurterre bati (Bill Murray) utziko dio hamabi urteko gaztea hezteko ardura.

Eta AEBetatik, baita ere, helduko zaigu Men, Women and Children gaztaroari eta garapen teknologikoei buruzko drama. Internetek nerabeengan eta haien gurasoengan duen eragina aztartzen du Jason Reitmanen lanak. Adam Sandler, Jennifer Garner, Rosemarie DeWitt, Emma Thompson, Judy Greer eta aktore zerrenda luzea pantailan ikusteko aukera paregabea.

Hernán Zinek, aldiz, aurtengo uztaila eta abuztuan Israelek Gazako zerrendaren aurka egindako erasoari buruzko dokumentala aurkeztuko du, Nacido en Gaza. Bertan bizi diren hamar gaztetxoren egunerokoa jarraituko du kameralari espainiarrak.

http://youtu.be/IDeCWZcse7M

Eta Malagako Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu zuten Os fenómenos film galiziarra ere bihartik aurrera izango da ikusgai areto komertzialetan. Almeriako kostaldean, aparkatutako furgoneta batean, bizi da Lola Dueñas aktoreak gorpuztutako emakumea. Bat batean, lanean hasi behar duen egunean, senarra desagertu egingo da eta bakarrik utziko du. Gauza guztiak bildu, eta semearekin batera A Coruñako Ferrol herrira itzuliko da, sorterrira; bertan igeltsero gisa hasiko da lanean.

Erresuma Batutik, azkenik, Liv Ullmannek zuzendutako Fröken Julie XIX. mendean girotutako drama helduko zaigu, eta etxeko txikienek Saving Santa animaziozko filma izango dute ikusgai.