Lara Izagirreren lehen film luzea, Un otoño sin Berlin, azken zortzi asteetan errodatu dute zinegile gaztearen sorterrian, Amorebietan, eta Bilbon. Irene Escolar eta Tamar Novas aktoreak dira filmeko protagonistak, eta grabatutakoa editatu ostean, 2015eko udazkenean estreinatuko dute lana.

June (Irene Escolar) 28 urteko neska ameslari eta oldarkorra da Lara Izagirreren gidoiko protagonista, itxura hauskorra duen arren, aurrera egiteko gaitasun handia era baduena. Diego (Tamar Novas), aldiz, idazle berezia da, munduarengandik aldenduta bizi den pertsona bakartia. June sorterrira itzuliko da hainbat urte atzerrian igaro ostean, eta elkarrekin topo egingo dute. Bizitzak xarma galdu duela sinetsita daude biak, eta bien arteko maitasun istorioa berpizten saiatuko dira.

Filmaren errodajea urrian abiatu zuten, eta grabaketaren egunerokoa blogaren bidez argitara eman dute azken zortzi asteetan. Izagirrek, besteak beste, Next Stop: Greenland (2012) dokumentala eta Sormenaren bide ezkutuak (2013) film laburrak zuzendu ditu, eta Gariza Produkzioak ekoizpen etxearen sortzailea eta gidaria ere bada.

Escolar eta Novasekin batera aritu dira Ramón Barea, Naiara Carmona, Itziar Ituño eta Lier Quesada aktoreak, besteak beste. Orain, baina, Ibai Elorza arduratuko da, Izagirrerekin batera, filmaren edizioaz. Datorren urteko udazkenean ikusiko du argia lanak.