Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Gure Sor Lekua (Andre Madre, 1956) euskarazko lehen filma eskainiko dute gaur EHUko Bizkaia aretoan, 19:30ean. 2013ra arte galdutzat ematen zen filma, eta Josu Martinez EHUko ikerlariak aurkitu zuen.
1956an Hazparnen estreinatu zen Gure sor lekua, Andre Madre jeneral euskaldunak egindako filma. Diasporako euskaldunei zuzendutako ordu eta erdiko dokumentala da, herri-mina leuntzeko asmoz osatutakoa, eta horregatik euskal paisaiak, jaiak, ohiturak… biltzen ditu. Baina badu berezitasun nagusi bat: dagoen pelikula bakarrak ez du soinurik. Euskarazko lehen lanak, beraz, ez du ahotsik, ez du euskararik.
Urte luzez desagertuta egon ostean, 2013an aurkitu zuen dokumentala Josu Martinez EHUko ikerlariak Andre Madre jeneralaren Parisko etxean, haren alargunak bistaratzeko aukera eman baitzion. Martinezen hitzetan, lanak hiru paradoxa nagusi ditu: batetik, 1956an estreinatu izana, Frankismo garaian; bestetik, Ipar Euskal Herrian errodatu zutela, askotan ahanzturan erortzen den euskal eremuan; eta azkenik, soinurik ez izatea.
Bada dokumentala gaur, abenduaren 3an, EHUren Bizkaia aretoan eskainiko dute 19:30ean, Bilbon.