Sei emanaldi, sei hiri, bederatzi zuzendari, 21 lan. Horiexek Kimuak Euskadiko Film Laburrak programak antolatutako Kimuak Eta… saioen zifrak. Lehen emanaldia gaur izango da, abenduak 2, Bartzelonako Euskal Etxea kultur elkartean; bertan Telmo Esnal zarauztarraren hiru film labur izango dira ikusgai 20:00etatik aurrera, doan.

1997an abiatu zuten Kimuak Katalogoa, Euskadiko Film Laburrak biltzen dituen programa. Bertako ekoizpenei errekonozimendua aitortu eta nazioartera hedatzen laguntzea du helburu egun Euskadiko Filmategiak kudeatzen duen programak, eta urteen poderioz, euskal zinegile garrantzitsuenen harrobi bilakatu da.

Bada, 2014a amaitu aurretik, Kimuak programan hainbatetan parte hartu duten bederatzi zinegile aukeratu dituzte Kimuak Eta emanaldietan parte hartzeko. Emanaldiak sei hiritan egingo dituzte, eta doan izango dira. Hona egitaraua:

Abenduaren 2an, asteartea, Telmo Esnal Bartzelonako Euskal Etxea kultur elkartean, 20:00etan -> Txotx (1997), Taxi? (2007), Amona Putz! (2009) -goian trailerra-.

Abenduaren 3an, asteazkena, Asier Altuna Donostiako San Telmo museoan19:30ean -> Topeka (2002), Artalde (2010), Zela Trovke (2013), Soroa (2014).

Abenduaren 9an, asteartea, Koldo Serra eta Haritz Zubillaga Bilboko Alhondigan 19:00etan -> El tren de la bruja (Koldo Serra, 2003), She’s Lost Control (Haritz Zubillaga, 2011).

Abenduaren 9an, asteartea, Isabel Herguera eta Koldo Almandoz Iruñeako Golem Yamaguchi zinemetan 19:30ean -> Ahate pasa (Koldo Almandoz, 2009), Ámár (Isabel Herguera, 2010), Hubert Le Blonen azken hegaldia (Koldo Almandoz, 2014), Sailor’s Grave (askoren artean, 2014).

Abenduaren 10ean, asteazkena, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi Gasteizko Artiumen 19:30ean -> Tercero B (Jose Mari Goenaga, 2002), Sintonía (Jose Mari Goenaga, 2005), Lagun mina (Jose Mari Goenaga, 2012), Zarautzen erosi zuen (Aitor Arregi, 2014).

Abenduaren 20an, larunbata, Madrilgo Doré zineman, Borja Cobeaga 19:30ean -> La primera vez (2001), Éramos pocos (2005), Un novio de mierda (2010), Democracia (2013).