Aitor Arregik eta bere Zarautzen erosi zuen film laburrak eskuratu dituzte aurtengo Euskal Zine Bilerako sari nagusiak. Unai Garateren Ordu erdi izan da, bestetik, irabazlea amateurren kategorian, eta Aitor Gametxok jaso du zinegile amateur onenaren garaikurra. Aurtengoan, gainera, Berbaldia jardunaldia egin dute aurrenekoz.

Indarberrituta heldu eta joan da aurtengo Euskal Zine Bilera. Sekula baino lan gehiago aurkeztu zituzten 37. ediziora, 59 orotara, eta horien artean 48 proiektatu dituzte azken astean Lekeition. Juanba Berasategi ekoizle eta zinegilea buru, Edurne Gonzalez artista bisualak, Ramon Agirre eta Mikel Losada aktoreek, eta Kontxa Elroza EHUko irakasleak osatu dute epaimahaia, eta hamabi sari banatu dituzte orotara.

Zuzendari eta film onenarenak, profesionalen atalean, Aitor Arregik eta bere Zarautzen erosi zuen lanak eskuratu dituzte (goian trailerra ikusgai), eta amateurren kategorian, Aitor Gametxok zuzendari onenarena eta Unai Garateren Ordu erdi lanak film onenarena.

Ekoizpen borobilenaren sari profesionala, aldiz, Kote Camachoren Don Miguelek jaso du, eta garaikur amateurra Ainhoa Garciaren Anonymousek. Antzar Morea saria ere berari eman diote, genero ikuspegia lantzeko moduagatik. Gidoi onenaren sari profesionala, bestetik, Kepa Errastik eskuratu du Aitona Mantangorria filmagatik, eta amateurra Joxeak Coyakek, Ataraxiagatik.

Argazki onenaren sariak, azkenik, Asier Altunaren Soroak eta Julen Agirreren Oiartzunek erdietsi dituzte, profesionalen eta amateurren kategorietan, hurrenez hurren, eta Gazte 22 saria Itsaso Etxebarriarentzat izan zen, Positibatzea lanagatik.

Berbaldia

Aurtengo berritasuna, dena den, iragan larunbatean egin zuten Berbaldia izeneko jardunaldia izan da. Ekimenaren helburu nagusia euskal zinemagintza aztergai hartu eta kritikari, zinegile, irakasle, ikerlari eta bertaratuen artean berbaldi mamitsua eragitea zen. Horretarako, goizeko 10:30ean hasita, Zinema begiratu eta ulertu. Nola? mintzaldia eskaini zuten Begoña Del Teso kritikariak, Aitor Arregi zinegileak eta Ane Muñoz zinegile eta kazetariak, filmak osotasunean aztertzeko prozeduraz. Eta ostean, euskal gatazka politikoaz zinemak egin duen kontaketa landu zuen Josu Martinez EHUko ikerlariak.