Kepa Sojo Llodioko zinegile eta ikus-entzunezko irakasleren Loco con ballesta fikziozko film laburra eta Asier Altuna zuzendari bergararraren Zela Trovke film labur dokumentala 2015eko Goya sarietarako aurre-hautatuak izan dira. Bost finalisten artean sartzeko, akademikoen botoak eskuratu beharko dituzte.
Otsailaren 8an, igandea, egingo dute 39. Goya sarien sari-banaketa ekitaldia Madrilen. Horren aurretik, urtarrilaren 8an, kategoria bakoitzeko bost finalisten izenak aditzera emango dituzte. Bada, film laburren bi kategoriatan (fikzioa eta dokumentala), euskal ekoizpen bana aurre-hautatu dituzte.
Kepa Sojo zinegileak 2013ko otsailean aurkeztu zuen Loco con ballesta laburra. Komedia eta thrillerra uztartzen dituen lana da, eta Karra Elejalde eta Andrés Gertrudix dira aktore nagusiak. Pedro eta Javier aita-semeen azaletan sartuko dira, eta perretxiko bila joango dira mendira. Nazioarteko dozenaka jaialditan aurkeztu dute lana, eta hainbat sari nahiz kritika bikainak jaso ditu.
Asier AltunarenZela Trovke, bestetik, 2013ko Kimuak Katalogoan barneratu zuten. Zela Trovke, hain zuzen, Eslovakiako kanta herrikoi bat da, baina sekretu bat du gordeta. Maite Larburu Holland Baroque Society orkestrako kide euskaldunaren eskutik, berau azaleratuko du Altunaren lanak. Sojoren lana bezalaxe, jaialdi askotan aurkeztu dute, eta harrera bikaina eta zenbait sari eskuratu ditu.
Akademikoen botoa
Biak ala biak, Goya sariak eskuratzeko aurre-hautatuak izan dira aurten. Horretarako, baina, akademikoen botoak behar dituzte, gehien eskuratzen dituzten bost lanak otsailaren 8ko ekitaldian sari preziatua eskuratzeko lehian ariko baitira. Gure aldetik, haientzako botoa eskatzea besterik ez zaigu geratzen. Zorte on!