Astelehenero Donostiako Gros auzoko Trueba aretoan biltzen dira Kresala Zineklubeko kideak eta asteko filmaz gozatu nahi duten ikusle grinatsuak. Abenduan ere lan bikainak proiektatuko dituzte 19:30etik aurrera jatorrizko hizkuntzan.
Datorren astelehenean, abenduak 1, Juan Miguel Gutiérrezek okupa mugimenduari buruz osatutako Ateak zabalduz dokumentala aurkeztuko dute (goian trailerra). 89 minutuko lanak aurreiritzien azpian ezkutatzen den errealitate konplexua azaleratuko du. Ikus-entzunezkoan parte hartu duten Julen Etxegarai eta Kerman Fernandez ere ekitaldian izango dira zuzendariarekin batera, eta ondorengo solasaldian parte hartuko dute.
Hilaren 15ean, ostera, Five days to dance dokumental bikaina izango da ikusgai Trueban. Dantzari bikote bat institutu batera joango da astelehen goiz batez. Ikasle talde batekin bildu, eta astebeteko epea dutela esango diete, dantzan hasi eta eszenatokira igotzeko. Rafa Molés eta Pepe Andreuren lana DocsBarcelona, Donostia Zinemaldia, DocsDF Mexiko eta DocsBarcelona+Medellín zinema jaialdietan aurkeztu dute.
Abenduaren 22an, bestetik, Yeo-haeng-ja (Una vida nueva) Hego Koreako lana proiektatuko dute. Ounie Lecomte zinegileak 2009an estreinatu zuen bere haurtzaroan oinarritutako lana. Jinhee aitarekin biziko da bederatzi urte bete arte, baina egun batean Seuleko umezurztegi batean utziko du hark, agurtu ere egin gabe.
Eta Gabonetako oporraldian murgildurik, 1980ko Jim Jarmuschen Permanent Vacation ikusteko aukera izango da hilaren 29an. Noranzkorik gabe New Yorketik dabilen Allie gaztea da dramako protagonista.