Zinegin_2013

Orain bi urte estreinatu zuten Zinegin Festibala Hazparnen. Gurean ekoitzitako film laburrak, luzeak, fikzioak, dokumentalak… ikusteko aukera eskaintzen duen jaialdiaren hirugarren edizioa, baina, gaurtik igandera bitarte egingo dute.

Lau egunez ikus-entzunezkoek hartuko dute Hazparne Eihartzea eta Ttattola gaztetxeen eskutik. Film luzeei dagokienez, bost lan ikusteko aukera izango da, eta ez edonolakoak, gainera: Eneko Aritzaren Lagunak kultur elkarteak zuzendutako Sua, Francis Nielsen-en Blackie & Kanuto animaziozko lana, Beñat Iturrioz eta Xabier Padinen Ataun of the Dead beldurrezko filma, Myriam Ayçaguerren Ni Nüzü irudirik gabeko dokumentala, eta urrian zinemetara heldu zen Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak. Ordutegiak kontsultatzeko, sartu hemen.

Film laburrei dagokienez, bestetik, aurtengo Kimuak katalogoko zazpi lanak izango dira ikusgai igandean 14:00etan, eta horren aurretik, larunbatean 10:00etan, Iratxe Fresneda EHUko irakasleak Asier Altuna zinegileari buruzko doako Master Class-a eskainiko du. Altunaren Soroa laburra, gainera, larunbateko saioan ikusi ahal izango da. Segidan, bideo-potea egingo dute.

KliKlap bideo lehiaketa

Jaialdiarekin batera abiatu zen KliKlap bideo laburren lehiaketaren sari banaketa ere bihar, ostirala, egingo dute, eta 23:00etan Ttattola gaztetxean eskainiko dituzte ekimenean parte hartu duten sei lanak. Ostean, G-Turn eta Dub Size Baionako DJek emanaldia egingo dute. Eta larunbat gauean, halaber, Dr Jekyll eta Mr Hyde-ren bertsio klasikoa proiektatuko dute euskarazko azpidatziekin Sleepers taldearen zuzeneko musikaz lagundurik. 23:00etan izango da, baita ere.

Jaialdiaren egitarau osoa, hemen.