Lecciones de amor

Fred Schdepsik zuzendutako bi irakasleren arteko komedia dramatikoa Torontoko Festibalean aurkeztu zuten, Words and Pictures. Ingeleseko irakasleak (Oscarra eskuratzeko izendatua izan den Clive Owen) eta arte ederretakoak (garaikurra eskuratu duen Juliette Binoche) bizitzako baloreen garrantziaz ikuspegi ezberdinak dituzte, eta ez dute bat egingo hitzek baino indar handiagoa duen sentimendua aurkitu nahian.

Maria Ripollek zuzendutako Rastres de sàndal film dramatikoa, aldiz, Valladolideko Seminci jaialdian aurkeztu zuten. Mina aktore arrakastatsu indiarrak ezin du Sita ahizpa txikia ahaztu; indarrez banandu zituzten biak. Hogeita hamar urte geroago, Sita ondo dagoela eta Bartzelonan bizi dela jakingo du Minak. Orain Paula du izena, biologoa da eta ez du gertatutakoaz ezertxo ere gogoratzen. Paula bere identitatearen bila abiatuko da orduan.

Canneseko Zinemaldiko eta Sevillako Festibaleko sail ofizialetan aurkeztu zuten Jessica Hausneren azken lana, Amour Fou. Berlin, XIX. mendea, erromantizismo garaia. Heinrich olerkari tragiko gazteak heriotzaren izaera maitasunaren bidez gainditzeko asmoa du. Heinrich Von Kleisten idazle alemaniarraren suizidioan oinarritutako lana.

Jean-Luc Godard zuzendariak Canneseko Zinemaldian aurkeztu zuen Adieu au langage bere azken filma. Suitzatik datorkigun lanak ezkondutako emakume baten eta ezkongai dagoen gizon baten arteko harremana du oinarri; elkar maite dute, baina liskartu egingo dira. Bitartean, txakur bat hara-nora ibiliko da hirian.

AEBtatik, halaber, Sitgeseko Festibalean estreinatu zuten Cheap Thrills (E.L. Katz) filma helduko zaigu. Krisiak gogor jo du Craig familiako aita, eta penak tabernan itotzen ditu. Halako batean, ezezagun batek tratu bat proposatuko dio: diru kopuru bat emango dio burutzen duen ekintza bortitz bakoitzagatik. Joko bat bezala hasi dena amesgaizto bilakatuko da.

Iazko Gijóngo Festibalean aurkeztu zuten Fuego, Luis Maríasen azken lana, aste honetan helduko da areto komertzialetara. Carlos poliziaren autoan jarritako bonba batek haren emaztea hilko du eta hamar urteko alaba hankarik gabe utziko du. Hura onik aterako da. 11 urte geroago, beste pertsona bat dirudi: segurtasun enpresa garrantzitsu batean lan egiten du. Bere alabak, ondorio fisikoak dituen arren, trauma gogor hura gainditu duela dirudi. Carlosek, ordea, ezin izan du kontuarekin aurrera egin; gorrotoa baino ez du sentitzen, eta helburu bakarra du: mendekua.

Terry Gilliamen zientzia fikziozko lan berria, The Zero Tehorem, ere aste honetatik aurrera izango da ikusgai zinematan. Qohen Leth jenio bitxia Direction irudi ilunak kontrolatutako mundu korporatiboan bizi da, eta bizitzaren esanahiaren bila dabil.

Stephen Daldryen (Billy ElliotThe Hours, The ReaderTrash proiektu berrian apaiz baten eta GKE bateko kide baten azaletan sartuko dira Martin Sheen eta Rooney Mara aktoreak. Auzo marjinal bateko zabortegian ezagutuko dira, eta hiru umeren inguruko kasu bitxi batean nahasiko dira.

Munduko egonkortasunaren aurkako eraso kriminal handiena gertatu berri da Javier Fesseren eskutik datorkigun Mortadelo y Filemón contra Jimmy el Cachondo komedian. Txantxek eta barre ahulak hiria hartu dute, eta seriotasuna berrezartzeko gaitasuna duen bakarra T.I.A da. Gizateria arriskuan dago, ez baitu broma gehiago jasaten, eta arazoa konpontzeko ardura Mortadelo eta Filemoni emango diete.

Frantziatik beste komedia erromantiko bat helduko zaigu, Sophie Lellouchen Paris-Manhattan. Alice farmazialaria Woody Allenekin liluratuta dago. Ezkongabea da, eta ez du inolako presarik, baina bere familiak ez du berdin pentsatzen. Bat batean, Aliceren bizitzan Victor agertuko da, gaztearen egunerokoa hankaz gora jarriz.

AEBetatik, azkenik, 2008ko Madagascar filmean parte hartu zuten lau pinguinoen spin-offa datorkigu, The Penguins of Madagascar. Abentura berri batean murgildu dira lau anaia bihurriak.

http://youtu.be/qdMexQCi5-Q