Tasio

Elektronikaren eta telebisten konponketen arloa baztertu, eta zinemagintzan lehen urratsa eman zuen Montxo Armendariz zinegile nafarrak Tasio lanarekin. Hain zuzen, 1984an, orain 30 urte, estreinatu zuen Anastasio Ochoa ikazkinari buruzko filma.

1984ko Donostia Zinemaldian aurkeztu zuen Armendarizek galtzear zen ikazkin ogibideari buruzko lana. Berau osatzeko, aldez aurretik Nafarroako Ikazkinak dokumental laburra errodatu zuen Viloria herrian Ikuska 11 proiektuaren baitan; izan ere, ikazkinek iheskor erantzun zioten film batean parte hartzeko eskariari, eta horregatik, Armendarizek eta haren taldeak, beharginak txondorrak osatzen ari ziren bitartean, haien lana oztopatu gabe, grabatu zituzten irudiak. Gerora, irudiok Anastasio Ochoa ikazkinari buruzko filmean erabiliko zituzten.

Ochoa 14 urterekin hasi zen beharrean Urbasako basoan. Bizitza osoa bertan egin zuen, eta familia izan zuenean ere, bere jardunaren inguruan osatu zuen. Garai hartan landa-eremutik hirigunera lekualdatzen ari ziren herritarrak, eta Tasiok joera haren kontra, basoan geratzea erabaki zuen libre izaten jarraitzeko.

Patxi Pisquert aktorea sartu zen ikazkin nafarraren azalean, eta lana irailaren 19an estreinatu zuten Zinemaldiko sail ofizialean. Bertan bigarren saria eskuratzeaz gain, epaimahaiaren FIPRESCI saria ere jaso zuen Armendarizen estreinako lanak, eta zinegile nafarrak hasi zuen ibilbideari heltzea erabaki zuen.

Gerora etorri dira, besteak beste, 27 horas (1986), Las cartas de Alou (1990), Historias del Kronen (1994), Secretos del corazón (1997), Silencio roto (2001) edota Obaba (2005) film sarituak.

0