Alberto Arce politologo eta kazetari galiziarrak 2008an grabatu zuen To Shoot an Elephant dokumentala eskainiko dugu gaur, azaroak 21, 19:30ean Garoa Kultur Laborategiak Donostiako Gros auzoan duen liburu-dendan.
Israelgo Armadak Gaza bonbardatu zuen 2008ko abenduaren 27an Cast Lead operazioan. Arce eta haren taldea bertan ziren, eta sarraskia filmatu zuten Gazako zerrendako anbulantzietan gordeta. 112 minutuko lanak gatazkaren alderdirik krudelena bistaratzen du, eta ez du inor epel utziko.
Filma Eguzki Bideoak komunitatearen bidez banatu zuen Arcek, eta Sarean ere doan jarri zuen ikusgai. Horri esker, milaka bistaratze izan ditu eta 2010ean hainbat sari eskuratu zituen.
Bada, gaur bertan Paperezko Zinema zikloan eskainiko dugu dokumentala. 19:30ean Zabaleta kaleko 34an, Donostian, Garoa liburu-dendan. Emanaldiaren ostean, dokumentalean ikusitakoaz mintzatzeko aukera izango dugu gaian aditu batekin. Zuen zain izango gara!