Joaquin Calderónen Caminante (2013), Edurne Mañúren Pagoa. Memorias de El Irati (2014) eta José A. Peralesen Les hirondelles (2014) film labur nafarrak eskainiko dituzte ostegun honetan euro baten truke Nafarroako Filmotekan. Zinegileak ere emanaldian izango dira.

20:00etan abiatuko da osteguneko saioa Nafarroako Filmotekan. Lehen lana Joaquín Calderónen hamar minutuko Caminante izango da. Santiago bidea egiten ari diren bi ibiltarik Iruñan egingo dute topo. Pixkanaka, haien istorioak ezagutuko ditugu.

Bigarren lana Pagoa. Memorias de El Irati izango da, Edurne Mañúk aurten zuzendutako laburra. Irati S.A. enpresan aritutako langileen testigantzak bilduko ditu 30 minutuko lanak. XX. mendean 500 behargin inguru zebiltzan bertan, eta zoriontasun iturri izan zen lantegia.

Azkenik, José A. Peralesen Les hirondelles proiektatuko dute. 1880 eta 1930 artean Nafarroa eta Aragoatik Zuberoara espartinak egitera emigratu zuten gazteak dira 18 minutuko laneko protagonistak. Gehienak beren herrietatik udazkenean abiatu eta udaberrian itzultzen ziren neskatoak ziren, eta “enara” (“hirondelles”) ezizena jarri zieten. Goian duzue lana ikusgai.

Emanaldian hiru zinegileak izango dira, gainera.