Lekeitioko Zine Bileraren 37. edizioa azaroaren 23tik 29ra egingo dute, eta orotara 48 lan proiektatuko dituzte, 30 lan amateur eta hemezortzi profesional. Hautespen batzordeak sekulako lana izan du, inoiz baino film labur gehiago aurkeztu baitira aurtengoan, 59 orotara.
Juan Bautista Berasategi ekoizle eta zuzendaria, Edurne Gonzalez artista bisuala, Ramon Agirre aktore eta idazlea, Mikel Losada aktorea, eta Kontxa Elorza EHUko irakaslea izango dira aurtengo Zine Bilerako epaimahaikideak. Hautespen batzordeak dagoeneko aukeratu ditu jaialdian proiektatuko diren 48 film laburrak. Hamazazpi heldu dira Gipuzkoatik, 24 Bizkaitik, hiru Arabatik, bi Lapurditik, eta bana Nafarroa Beheretik eta Nafarroatik.
Euskarazko zinegintza bultzatzea eta zinegile amateurrei bidea egiten laguntzea du helburu ekimenak, eta hainbat sari banatuko dituzte, sekula baino potologoak: zuzendaritza, ekoizpen, gidoi eta argazki onenaren sariak (1.600 euro profesionalentzat eta 1.000 euro amateurrentzat), film onenaren saria (1.900 euro profesionalentzat eta 1.300 euro amateurrentzat), 22 urtez azpiko egile onenari saria, eta Udaleko Berdintasun batzordeak ematen duen Antzar Morea saria, 500 eurokoa.
Aurten, gainera, euskal zinemagintzaren inguruko jardunaldiak egingo dituzte hilaren 29an. Egitarau osoa, hemen.