AEBetako zinema independentearen babesa jaso duen The Skeleton Twins lana dakar Craig Johnsonek. Zuzendariaren bigarren filmean, hamar urtez elkarrengandik urrunduta bizi izan diren Milo eta Maggie bikiak aurkeztuko ditu. Biek ala biek, heriotza saihestuko dute egun berean, eta horren ostean, elkarrekin harremanetan jarri eta euren bizitzen noranzko negatiboaz hausnartuko dute. Miloren azalean sartu den Bill Haderrek gizonezko aktore onenaren garaikurra eskuratu du aurtengo Gotham sarietan, eta filma Sundance jaialdiko irabazle nagusia suertatu zen.

Mike Cahill estatubatuarrak, halaber, Sitgeseko jaialdiko film onenaren saria eskuratu zuen I Origins zirraragarriagatik. Ian Gray (Michael Pitt) da filmeko protagonista, biologia molekularra ikasten duen eta begien garapenean espezializatu den gaztea. Kolore anitzeko irisa duen emakumea ezagutuko du, eta bere ikerketak bizitza ulertzeko duen modua aldatuko du.

Frantziatik, ostera, Escobar: Paradise Lost helduko zaigu, Andrea Di Stefanok zuzendu duen eta Josh Hutcherson eta Benicio Del Toro buru dituen filma. Maitasuna eta akzioa uztartuko dira filmean. Izan ere, Nick gaztea (Hutcherson) Colombiara joango da anaia bisitatzera, eta bertan Maria (Claudia Traisac) ezagutuko du. Amets guztiak egi bihurtu zaizkiola pentsatuko du orduan, Mariaren osaba, Pablo Escobarren berri (Del Toro) izaten duen arte.

Frantziako ekoizpenekin jarraituz, Diplomatie aurkeztuko du Volker Schlöndorffek, II. Mundu Gerran girotutako drama. Suediako kontsula Parisen bizi den Alemaniako gobernadore militarrarekin elkarrizketatuko da, Hitlerren plana, hiriburuko monumentuak lehertzea, bertan behera utzi dezan konbentzitzeko.

Michael Cuestak, gainera, Kill the Messenger drama aurkeztuko du. CIAk drogen munduarekin dituen loturak agerian utzi zituen Gary Webb kazetari estatubatuarraren bizitzan oinarritutako lana da. Jeremy Renner eta Mary Elizabeth Winstead dira filmeko protagonistak.

Sein letztes Rennen film alemaniarrak, bestetik, istorio hunkigarria pantailaratuko du. Paul Averhoff (Dieter Hallervorden) agurea emazte Margotekin (Tatja Seibt) bizi da zahar-etxe batean. Gaztetan maratoi lasterkari ospetsua izan zen, eta Olinpiar Jokoetan domina bat irabazi zuen. Orain, aldiz, harrapatuta sentitzen da, eta bizimodu tristeari itzulia eman asmoz, zahar-etxeko lorategian lasterka hasiko da, Berlingo maratoian parte hartzeko helburuarekin..

Ukitu komikoa Peter eta Bobby Farrelly anaien Dumb and Dumber To lanak jarriko du. 1994ko filmaren bigarren atalak protagonista berberak ditu, Harry (Jim Carrey) eta Lloyd (Jeff Daniels), eta biek ala biek, 20 urte pasa arren, berdin jarraituko dute.

Haurrentzako eskaintzari dagokionez, bikoitza izango da aste honetan: Niko 2 (Kari Juusonen eta Jorgen Lerdam) animazio film finlandiarra batetik, eta superheroien inguruko Antboy (Ask Hasselbalch) daniarra bestetik.

Azken proposamena: Manuel Gómez Pereiraren La ignorancia de la sangre thrillerra. Aldi berean bi kasu konpondu beharko dituen Javier Falcón (Juan Diego Botto) eta haren jarduna izango ditu ardatz filmak.