Donostiako Emakumeen Etxea Elkarteak hirugarren Zine Feministaren Ikustaldia antolatu du. Claire Denis eta Agnes Varda zinegileen bost lan, film labur bat eta lau luze, eskainiko dituzte datorren astelehenetik ostegunera Antzoki Zaharrean eta Lugaritz Kultur Etxean aretoan 19:00etan, doan.

Claire Denis zuzendari frantsesaren White Material (Una mujer en África, 2009) eta 35 rhums (35 tragos de ron, 2008) filmek zabalduko dute Zine Feministaren III. Ikustaldia astelehen eta asteartean Antzoki Zaharrean. Lehenak Maria izeneko lur-jabea du protagonista; Afrikaren bihotzean bizi da, eta bere lurretan kafea lantzen da, bereziki. Baina herrialdea gerra zibilean murgiltzen denean, bere lurrak defendatu beharko ditu (goian trailerra): Bigarrenak, ostera, Lionel tren gidariaren eta haren alaba Josephineren bizimodua pantailaratuko du. Bizitza egonkor eta erosoa dute, baina hainbat aldaketaren ondorioz, errutinatik aterako dira.

Denis funtsezko figura da Europako zinema feministan. Denetariko gaiak landu ditu bere filmetan, hamaseitik gora; lan horiek, halaber, askotan hartu dute parte nazioarteko zinemaldietan.

Asteazken eta ostegunean

Azaroaren 12an eta 13an, asteazkena eta osteguna, aldiz, Agnes Varda belgiarraren hiru lan izango dira ikusgai Lugaritz Kultur Etxean: Réponse de femmes: Notre corps, notre sexe (1975) film laburra eta Cléo de 5 à 7 (1961) film luzea asteazkenean, eta Les plages d’Agnès (2008) dokumentala ostegunean. Laburrak gizarte patriarkalaren kontrako emakume batzuen lekukotasunak bilduko ditu, eta segidan ikusi ahal izango den filmak Cléo abeslariak minbizia duela jakindakoan hartuko dituen erabakiak kontatuko ditu.

Les plages d’Agnès, azkenik, dokumental autobiografikoa da, eta zine feministan aitzidari den Vardak bere iraganera jauzi egingo du bertan. Andereen rolak, askatasuna, naturarekin harremana, jaiotza eta heriotzarekiko ikusmoldeak, eta munduko kontraesanak aztertuko ditu.