Arkeologia_Zinemaldia_Zinea-eu

FICAB Bidasoako XIV. Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa datorren ostiralean, azaroak 14, abiatuko da, eta hilaren 21a arte hemeretzi lan ikusi ahal izango dira Donostiako Aquariumean, Irungo Amaia Kultur Zentroan eta Ficobako auditorioan.

Arkeologiarekin lotutako filmak biltzen dituen Bidasoako jaialdiak sekula baino emanaldi gehiago barneratuko ditu aurtengoan. Izan ere, lanak Internet bidez bidali ahal izan dituzte parte hartzaileek aurrenekoz (orain arte posta bidez helarazi behar ziren Irunera), eta horregatik, Mexiko, Iran, Malasia edota Australian ekoitzitako filmak ikusi ahal izango dira. Orotara 60 lan jaso dituzte, eta horien artean hemeretzi aukeratu.

Inaugurazioa Donostiako Aquariumean egingo dute hilaren 14an, ostirala. Urpeko arkeologiari lotutako filmak eskainiko dituzte lehen saio horretan. Hilaren 17an, ordea, Irungo Amaia aretora lekualdatuko dira emanaldiak, eta egunez egun, gai konkretu bati lotutako lanak izango dira ikusgai: 17an, gizakiaren eboluzioa eta urrutiko lekuetako biztanleak; 18an, mitologia eta erlijioak; 19an, arkeologia esperimentala eta eraikuntza historikoa; eta 20an, ondarearen babesaren aldarrikapena eta indarrezko ebasketen gaitzespena.

Azaroaren 21ean, aldiz, Ficobako auditorioan eskainiko dituzte igaraneko teknologiari buruzko lanak, eta itxiera ekitaldia hilaren 22an egingo dute Oiasso Erromatar Museoan, 22:00etan. Gainera, sari-banaketa egingo dute.