Udako etenaldiaren ostean, SADE enpresak antolatzen duen Truebako Ostegunak ekimenak hainbat aldaketa izango ditu. Gainera, Klasikoak Principen zikloa abiatuko dute azaroan: hilean astearte batean ala bitan, film klasiko bat emango dute jatorrizko bertsioan Donostiako Principe zinemetan.
Woody Allenen Annie Hall (1977), Billy Wilderrek 1944an errodatutako Double Indemnity (Perdición), eta Orson Wellesen 1958ko Touch of Evil (Sed de mal) filmek zabalduko dute SADE Zinemak azaroan abiatuko duen Klasikoak Principen zikloa. Proiekzioak Donostiako Principe zinemetan izango dira, 20:00etan eta filmak jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte. Estreineko emanaldia datorren asteartean, azaroak 11, izango da; bigarrena hilaren 25ean, eta hirugarrena abenduaren 16an, astearteak denak.
Ekimen berriarekin batera, erro sendoak dituen Ostegunak Trueban zikloko aldaketak iragarri dituzte arduradunek. Batetik, emanaldien maiztasuna murriztu egingo dutela azaldu dute, ziklo berriarekin bat ez egiteko. Halaber, klasikoetatik aldendu eta film berriak eskainiko dituzte formatu murritzago batean, beti ere, haien egileak aretora ekarrita. Emanaldiok ostegunetan izango dira, noski, 21:30ean Donostiako Gros auzoko Trueba zinemetan.
Azaroan eta abenduan, ondorengo lanak izango dira ikusgai Trueban: hilaren 20an Álvaro Brechnerren Kaplan (2014), abenduaren 4an Juan Barreroren La jungla interior (2013) eta abenduaren 11n James Ward Byrkiten Coherence.