Zineuskadiren kudeaketari esker, Ermuako antzokia Europa Cinemas izeneko sare europarreko kide izango da aurrerantzean. Film europarren ehuneko zehatza programatu eta proiektatu beharko dute urtean zehar, eta Europatik diru laguntzak eskuratuko dituzte trukean.
Europako Batasunak Media programaren bidez finantzatzen duen Europa Cinemas sareko kide izango da aurrerantzean Ermua Antzokia. Honenbestez, film europarren ehuneko jakin bat proiektatuko dute bertan, eta emanaldi bakoitzaren aurretik sareari buruzko trailer bat eskainiko dute. Urtean birritan, halaber, sareko Adituen Taldeari programazioaren berri eman beharko diete aretoko arduradunek, partehartzea mantendu ala ez erabakitzeko.
Ordainetan, Media programaren diru-laguntzak jasoko ditu aretoak.