Gaur, azaroak 4, hasi eta ostiralera bitarte, itsasoarekin lotutako 30 lan baino gehiago eskainiko dituzte Donostiako Antzoki Zaharrean, Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren baitan. Ostiralean, gainera, Eduardo Admetlla itsaspekari eta argazkilari ezagunari omenaldia egingo diote 17:30etik aurrera.
Haurrei zuzendutako II. Txikiziklo Urpeko Zinema saioarekin hasi zuten atzo Itsaspeko Zinema zikloa. Emanaldiak gaurtik ostiralera egingo dituzte Antzoki Zaharrean. Doakoak izango dira, eta besteak beste, film laburrak, luzeak eta dokumentalak izango dira ikusgai. Tartean, Jorge Candan galiziarraren El mar de un bosque encantado ikusi ahal izango da euskaraz gaur, eta Bali-Indonesia, Itsasoak & Ozeanoak II. bihar. Egitarau osoa kontsultatzeko, sartu hemen.