Mois_du_docu

Bilboko Institut Françaisek, BilbaoArtek eta FNACek Frantzian urtero egin ohi den Dokumentalaren Hilea gurera ekarriko dute azaroan. Hain zuzen, ziklo horren baitan aurkeztuko diren zortzi lan eskainiko dituzte gaurtik aurrera BilbaoArten.

Kamal Aljafariren 2009ko Port of memory izango da ikusgai gaur, azaroak 4, 17:30ean, eta segidan Jacques Richarden Le fantôme d’Henri Langlois eskainiko dute Bilbaoarten. Bihar, aldiz, Les plages d’Agnès (Agnès Varda, 2008) emango dute 19:00etan, eta datorren astelehenean, azaroak 10, Voyage en sol majeur (Georgi Lazarevski, 2010) eta Bambi (Sébastien Lifshitz, 2013), ordu berean.

Azaroaren 11an, asteartea, François Huguierren Kommunalka (2008) proiektatuko dute ordu berean, eta zikloarekin amaitzeko, hilaren 12an, Marie Losierren The ballad of Genesis and Lady Jaye eta Mariana Oteroren Entre nos mains (2010), leku eta ordu berean, baita ere.

Ekimenak 15 urte beteko ditu aurten Frantzian, eta 3.000 lanetik gora eskainiko dituzte herrialde osoan.