IX. Punto de Vista dokumentalen jaialdia 2015eko otsailaren 10etik 15era egingo dute Iruñean. Oskar Alegria zinegileak zuzenduko du, eta 2011z geroztik bi urtean behin gauzatzen bazen ere, aurreratzean urtero antolatuko dute Nafarroako Gobernuaren eta Baluarte Fundazioaren arteko elkarlanari esker.
Nafarroako Gobernuak aurrekontua sendotzeko egingo duen esfortzua (220.000 euro) eta Baluarte Fundazioaren babesa tarteko, Punto de Vista jaialdiak urteroko maiztasuna berreskuratuko du 2015ean. 2005etik 2011ra bitarte halaxe egin zuten, baina zailtasun ekonomikoak tarteko, txandakako mintegiak antolatzea erabaki zuten 2012 eta 2014an.
IX. edizioa, aldiz, indartuta helduko da Baluartera, izan ere, 1.200 lan aurkeztu dituzte Sail Ofizialera, aurreko edizioetan baino %55 gehiago. Koldo Almandoz zinegile donostiarrak, Ozge Calafato kazetari eta zinema adituak, Alexei Dmitriev zinegile errusiarrak eta Guillermo G. Peydró zuzendari espainiarrak osatutako hautespen batzordeak 20 inguru aukeratuko ditu lehiaketan parte hartzeko. Ohiko sailak mantenduko dituzte, hala nola, Atzera Begirakoa, Heterodocsias, Saio Bereziak, eta Gazteen Saila.
Atzera begirako bat, hain zuzen, Margaret Tait zuzendari eskoziarrari eskainiko diote, eta bigarrena uharteei, Alegriaren hitzetan, jaialdiak ere uharte bat izan nahi duelako. Aurtengo jaialdiko irudia, gainera, horixe da: uharte bat.