Azaroaren 14tik 21era luzatuko den 56 Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren aurretik, Pre-Zinebi emanaldi sorta egingo dute Bilboko hainbat aretotan.
Jaialdia nazioartekotzeko ahaleginean, bertako ekoizpenaren garrantziaz ohartu ziren Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko arduradunak, eta gurean sortutako ikus-entzunezkoari bultzada eman asmoz, Pre-Zinebi abiatu zuten. Honenbestez, jaialdia baino astebete lehenago, ostiralean, abiatuko dituzte aurtengo emanaldiak, eta Zinebi-Express film laburren lehiaketa ere gauzatuko dute azaroaren 8tik 10era bitarte. Izen-ematea Campos Antzokiko atarian egin beharko da, azaroaren 8an bertan, goizeko 9:30etik 10:30era.
Pre-Zinebi jaialdian hiru film luze eskainiko dituzte (Promoción Fantasma, Función de noche eta Un país imaginario), baita EHUko ikasleek osatutako dozenaka lan ere, eta Zinebi-Express lehiaketako lan onenak ikusteko aukera ere izango da. Jaialdia amaitzeko, gainera, Caóstica elkarteak prestatutako Redneck Zinema Party jaia egingo dute azaroaren 14an, ostirala, 21:00etan Bilborocken. Kontsultatu egitarau osoa hemen.