Garoa Kultur Laborategiarekin elkarlanean abiatu genuen atzo, urriak 31, Paperezko Zinema ekimena. Hilean behin, film bat eskainiko dugu Zabaleta kaleko liburu-dendan Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariaren laguntzarekin, eta ostean mintzaldia egingo dugu lanaren sortzailearekin. Lehen saioak indarrak hartzeko balio izan digu, eta datozen emanaldietan ez gaitu inork geldituko!
Zazpi eta erdiak pasatxo ziren Zabaleta kaleko 34.eko eserlekuetan eseri ginenean. Ekimen honen atzean gauden Garoa liburu-dendako arduradunek eta Zinea.eu atariko kudeatzaileak aurkezpen labur bat egin genuen, eta ondoren, Eguzki Bideoak kolektiboko kideek lehen ziklo honetan ikusgai izango ditugun lanen laburpen bat egin zuten. Segidan, Ruins dokumentala proiektatu genuen, zerbezak eta familiarteko giroa lagun.
2012 eta 2013 artean errodatutako lana da Ruins, Londresen bizi den Zoe Mavroudi greziarraren dokumentala. Hain zuzen, Greziako hauteskunde orokorren aurreko egunetan jazotakoa kontatzen du lanak. Herrialdeko egoera sozial, ekonomiko eta politikoa benetan delikatua zen orduan, krisi ekonomikoaren atzaparrak alor guztietara zabaldu baitziren. Hala, herritarrek hautatu ez zuten gobernuaren zilegitasuna frogatu asmoz, eta bide batez, botoak eskuratzeko, ustez GIBaz kutsatuta zeuden eta legez kanpoko prostituzioan ari ziren hainbat emakumeren aurkako sarekada burutu zuen Poliziak. Andrazko haien izen-abizenak ez ezik, irudia ere publiko egin zuten, eta frogak egin ostean, espetxean sartu zituzten. Gerora jakin zenez, emakumeok ez ziren legez kanpoko prostituzio-etxeetako langileak, drogazaleak baizik. Greziarren artean, ordea, beren gaitza zabaldu nahian, babesik gabeko harreman sexualak izaten ari zirela hedatu zen.
Gertaerok eta haien atzean zegoen engainua salatzeko osatu zuen dokumentala Mavroudik. Espetxeratuak izan ziren hainbat neskarekin eta haien senideekin mintzatu zen, baita gaian adituak diren abokatu, erizain, GIBaren aurkako eta kontrolerako erakunde, eta bestelako osasun zerbitzuetako arduradunekin ere. Lehenen aurpegiak gorde egiten ditu, bigarrenenak, aldiz, lehen planora ekarri. Kontaketa ataletan banatuta dago, ikusleak jazoeren bilakera osoa ulertu dezan. Eta albistegietako irudiek egun haietan greziarrek telebistaz jarraitu zuten istorioa bere horretan pantailaratzen dute.
Solasaldia
Skype bidez jarri ginen Mavroudirekin harremanetan. Konexio arazo batzuk izan zituen hark hasieran, baina berehala hasi genuen hizketaldia. Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak hainbat galdera egin zizkion, eta atzerrian bizi den greziar bezala, bere herrialdearen bilakaera nola jarraitzen duen azaldu zigun Mavroudik. Dokumentalak aditzera ematen duen sorgin-ehiza, gisa bereko dozenaka kasurekin aldera genezakeela nabarmendu zuen, tokian tokiko xehetasunetatik at, ezagutzen ez dugunarekiko beldurra sortzea estrategia eraginkorra baita politikan, herritarren borondatea bideratzeko balio baitu. Lana Greziako hainbat lekutan eskaini dutela azpimarratu zuen, eta sona dezente lortu duela, gainera.
Luxu ikaragarria izan zen Mavroudirekin hala aritzeko aukera izatea, eta esperientzia errepikatzeko gogoz geratu ginen. Ez dugu, baina, gehiegi itxaron beharko, azaroaren 21ean egingo baitugu bigarren emanaldia. ‘To shoot an elephant’ (Alberto Arce) eskainiko dugu orduan, eta badakizue, gonbidatuta zaudete! Lehen hiruhilekoko pasea eskuratu nahi baduzue, pasa zaitezte Garoa Kultur Laborategitik.