Orson Welles

Atzo abiatu zuten 1915ean jaio eta 1985ean zendu zen Orson Welles aktore, zinegile, gidoigile eta ekoizle estatubatuarrari eskainitako zikloa Igorreko zineklubean. Orotara hiru film proiektatuko dituzte: atzo eskaini zuten Citizen Kane (1941), eta datozen bi ostegunetan proiektatuko dituzten Touch of Evil (1957) eta Chimes at midnight (1965).

XX. mendeko artista anitzenetakoa da Welles. Antzerkian, irratian eta zineman aritu zen, eta emaitza bikainak lortu zituen guztietan. 1941ean aurkeztu zuen bere film entzutetsuena, Citizen Kane, zikloa abiatu zuen lana, hain zuzen. Bere lehen filma izan zen, gainera, eta film onenaren Oscar saria jaso zuen, Wellesen Oscar bakarra.

Datozen bi ostegunetan beste bi lan eskainiko dituzte: Touch of Evil azaroaren 6an, eta Chimes at midnight hilaren 13an. Mike Vargas polizia eta Susan Vargas haren emaztea dira lehen filmeko protagonistak; eztei-bidaian joango dira, baina auto baten leherketa ikusiko dute Mexikoko mugan, eta kasua ikertzen hasiko da Vargas. Kritiko askoren iritziz, zinema beltzaren klasiko bikaina da. Bigarren filma, aldiz, koprodukzio espainiar-suitzarra da, eta Welles bera aktore lanetan ariko da bertan. Shakespeareren hainbat obratan oinarritutako filma da, eta John Falstaff (Welles) da guztien arteko lotura.

Emanaldiak Igorreko Lasarte aretoan izango dira, 20:00etan. Sarrerak 2,5 euro balioko ditu, baina hiru filmak ikusteko bonoa 6 euroren truke eskura daiteke.