Loreak_Zinea_eu

Bihar helduko da zinemetara Loreak, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren filma. Harekin batera, Jaume Balagueróren REC 4, Wim Wenders eta Juliano Ribeiro Salgadoren The Salt of the Earth eta Susanne Bierren Serena, besteak beste.

Aurtengo Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zuten Loreak ekoizpen euskaldunak kritika bikainak jaso ditu etxean nahiz atzerrian. Lore sorta anonimoak jasotzen dituen Aneren eta berak jakin ez arren, bidalketa anonimo horiekin lotura estua duen familiaren artekoa du ardatz filmak. Donostian ez ezik, Londresen eta Tokion ere eskaini dute lana dagoeneko, eta azken honetan, filmeko hiru protagonistak saritu dituzte. Guk ere egin genion kritika gurean.

Bihartik aurrera izango da ikusgai, halaber, The Salt of the Earth ekoizpen frantses bikaina. Donostiako Zinemaldian ikusleen saria eskuratu zuen, eta Cannesko Festibalean epeimahaiaren sari berezia. Sebastiao Salgado argazkilaria eta haren lana eta bizimodua ditu ardatz Wim Wenders eta Juliano Ribeiro Salgadoren filmak. Bisualki paregabea, guztiz gomendagarria.

Susanne Bierrek ere bere lan berriena ekarriko du, Serena, Jennifer Lawrence eta Bradley Cooper Hollywoodeko moda-modako aktoreak buru. 20ko hamarkadara eramango gaitu drama eta maitasuna uztartzen dituen filmak, eta Ipar Carolinara lekualdatu den eta seme-alabarik izan ezin duen bikotearen nondik norakoak aztertuko ditu.

Jaume Balagueróren REC sagaren laugarren pieza Sitgeseko Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu berri dute. Bertan, zombien aurka borroka egin beharko du Ángela Vidalek.

Scott Franken A Walk Among the Tombstones lanak eta Jeremy Saulnierren Blue Ruin filmak, bestetik, intriga eta akzioa dakartzate. Lehena krimena eta mendekua uztartzen dituen polizia-lana da, eta bigarrenak FIPRESCI saria jaso zuen 2013ko Cannesko Zinemaldian eta zuzendari onenarena Gijongo Zinemaldian; beste dozena bat saritarako izendatu dute, gainera. Dwight eskalea da filmeko protagonista. Halako batean, bere bizimodua zeharo aldatuko duen albistea jasoko du, eta sorterrira itzultzea erabakiko du, mendeku bila.

Malagako Zinemaldian ikusleen saria eskuratu duen 321 días en Michigan ekoizpen espainiarrak, bestetik, Antonioren kartzelako egonaldia eta berau ezkutatzeko prestatuko duen plana pantailaratuko ditu.

http://youtu.be/OKBwEvvu6XE

Erresuma Batutik datorkigun proposamena Filth da. Jon S. Bariden lanak Bruce Robertson detektibearen bizimodu zoroa kontatuko digu. Barrea eragingo digun filma Irvine Welshen eleberrian oinarrituta dago.

Eta haurrek, azkenik, Alemaniatik datorren lanarekin gozatzeko tartea izango dute: Das kleine Gespenst (The Little Ghost). Alain Gsponerrek zuzendu du Eulesteineko gazteluan bizi den mamu txikiari buruzko kontaketa.