Azaroko asteazkenetan, zine-kluba izango da Bergarako Zabalotegi Aretoan. Hiru euroren truke, eta iluntzeko 20:00etan hasita, film gogor bezain interesgarriak ikusteko aukera izango da hilaren 5ean, 19an eta 26an.

Alex Van Groeningen Alabama Monroe dramarekin habiatuko dute zikloa. 2012ko film belgikarra da, eta iazko Oscar sarietan, ingelesaz besteko hizkuntzako film onenaren saria eskuratzeko izendatu zuten. Elise eta Didieren arteko maitasun istorioa du ardatz filmak. Zoriontsuak dira, eta elkarrekin Maybelle izeneko haurra izango dute. Baina neskatoak gaitz larri bat pairatuko du sei urte betetzen dituenean, eta gurasoen bizitza hankaz gora jarriko da (goian trailerra ikusgai).

Azaroaren 19an, aldiz, Anochece en la India filma eskainiko dute. Chema Rodriguezen lanak Malagako Zinemaldian muntaia eta aktore onenaren sariak (Juan Diego) jaso zituen. Indiara bidaiatuko duen Ricardo da filmeko protagonista. Azken hamar urteak gurpildun ahulkian egin ditu, eta Dana laguntzailearekin batera, bidaia luzea abiatuko du, iraganeko esperientziak gogoan.

Hileko azken asteazkenean, azkenik, Tierra de mujeres dokumentala izango da ikusgai. Adriana Estradaren lanak Chiapaseko emakume indigenen bizimodua pantailaratuko du, pairatzen duten diskriminazioa eta bizimodu gogorra bistaratuz.