Rafa Molés eta Pepe Andreuren Five days to dance dokumental zoragarria DocsBarcelona, Donostia Zinemaldia, DocsDF Mexiko eta DocsBarcelona+Medellín zinema jaialdietan aurkeztu dute, eta azarotik aurrera euskaraz izango da ikusgai Zineuskadiren Zinema Euskaraz egitasmoari esker.
Dantzari bikote bat institutu batera joango da astelehen goiz batez. Ikasle talde batekin bildu, eta astebeteko epea dutela esango diete, dantzan hasi eta eszenatokira igotzeko. Hain justu, gizarteak rol zehatzak ezartzen dizkien etapa horretan dauden gazteei, rolak hautsi eta mugitzen hasteko eskatuko diete, euren artean komunikatzeko, nahi duten bezala beren burua adierazteko. Eta kosmos txiki horren baitan, eztanda handi bat egingo dute.
Bi dantzariek, Wilfried Van Poppel holandarrak eta Amaya Lubeigt euskaldunak, aurrera eramandako proiektu interesgarria biltzen du 79 minutuko Five days to dance dokumentalak. Gaztelania, ingelesa, alemana eta euskara nahasten dira bertan, eta jatorrizko bertsioan, euskarazko azpitituluekin, pantailaratuko dute azaroan Zineuskadiren Zinema Euskaraz katalogoaren baitan. Urteko 11. lana izango da, abenduan helduko da 12.a.