Deux_jours_Zinea.eu

Asteburuan film andana helduko dira zinemetara: David Dobkinen The Judge, Jean-Pierre eta Luc Dardenne anaia belgikarren Deux jours, une nuit, Gary Shoreren Dracula Untold, James Ward Byrkiten Coherence eta Pernille Fischer Christensen En du elsker (Someone You Love), besteak beste.

Robert Downey Jr. Hank Palmer abokatu garrantzitsuaren azalean sartuko da David Dobkinen The Judge filmean. Amaren heriotzaren ostean, jaioterrira itzuliko da Palmer, herriko epailea den aitarengana, eta orduan jakingo du hura krimen bategatik susmagarria dela.

Jean-Pierre eta Luc Dardenne anaien lan berriak, Deux jours, une nuit, aldiz, Sandra du protagonista (Marion Cotillard). Gazteak bere lagunak konbentzitu beharko ditu aparteko ordainsariari uko egin diezaioten berak lana mantendu ahal izan dezan. Cannesko Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu zuten filmak kritika onak jaso ditu.

Drakularen kondairari bira bat eman nahi izan dio, bestalde, Gary Shore estatubatuarrak Dracula Untold bere lanik berrienean. Vlad Tepes printze errumaniarrak banpiro bilakatu aurretik bizi izandakoak ditu aztergai filmak. Fasta & Furious 6 (Justin Lin), Snowpiercer (Bong Joon-ho) edota Captain America: The First Avenger (Joe Johnston) lanetan aritutako Luke Evans izango da Dracula.

AEBetatik, baita ere, helduko dira iazko Sitgeseko Zinemaldian gidoi onenaren saria jaso zuen zientzia fikziozko Coherence (James Ward Byrkit, 2013), Craig Gillespieren Million Dollar Arm drama, Luke Greenfielden Let’s Be Cops komedia eta Brian A. Miller-en The Prince thrillerra. Lehenak ikusmira handia sortu du, 1923an Finlandian jazotako gertaera paranormal bat baitu aztergai.

Zineuskadiren Zinema Euskaraz zikloak film berria barneratu du: Friends. Abentura munstroen uhartean (Takashi Yamazaki). 2011ko animazio ekoizpen japoniarra da, eta munstroen uhartera heltzen den Kotake txikia du protagonista.

http://youtu.be/MKMTK2T5gWY

Halaber, Frantzian ekoitzitako beste hiru lan estreinatuko dira asteburuan: Alexandre Castagnettiren Amour & turbulences, Serge Bozonen Tip Top eta Marianna Oteroren À ciel ouvert dokumentala. Lehenak New Yorketik Parisera doan Julieren hegaldia pantailaratuko du. Frantzian ezkonduko da, baina hegazkinean bere mutilagun ohi Antoinerekin egingo dut topo. Tip Top, aldiz, polizia-thrillerra da, eta Oteroren dokumentalak Frantzia eta Belgikaren arteko mugan dagoen urritasun mentala duten haurrentzako harrera etxe batera eramango gaitu. Ikusleok bertan bizi diren gaztetxoen azalean sartzeko aukera izango dugu.

Danimarkatik ere helduko zaizkigu filmak, bi, hain zuzen: musika eta senideen arteko harreman gatazkatsuak uztartzen dituen Pernille Fischer Christensenen En du elsker eta beldurrezko Nar Dyrene Drommer (When Animals Dream, Jonas Alexander Arnby). Azken hori aurtengo Stigeseko Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu zuten.

Eta asteburuko azken estreinaldia: Francisco Sánchez Varelak Paco de Lucía gitarristari buruz osatu duen dokumentala.