Urriaren 25ean, larunbata, Musarañas (Esteban Roel eta Juanfer Andrés) filmarekin abiatuko dute 25. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea. Urteko film labur eta luze entzutetsuenak bilduko ditu festibalak, eta beste hainbat ekintza ere bai, hala nola, Monsterchef ikuskizuna, Munstroak kromo bilduma, III. Zombie Jaialdia eta Film In San Sebastian film laburren lehiaketa.

Urrezko ezteiak beteko ditu aurten Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak, eta urtero legez, egutegi oparoa prestatu dute antolatzaileek, aurreko urteetakoa baino beteagoa: egunean 10 film luze eta labur baino gehiago eskainiko dituzte Victoria Eugenia Antzokian eta Antzoki ZaharreanLan klasikoak, animaziozkoak, atzerrikoak nahiz bertakoak, denetarik izango da ikusgai larunbatetik aurrera Donostian.

Ekimen aipagarrien artean ditugu, besteak beste, Monsterchef ikuskizuna eta Munstroak kromo bilduma. Lehenari buruz ez dute xehetasun gehiegirik eman nahi izan antolatzaileek; urriaren 30ean Antzoki Zaharrean egingo dute, eta ikus-entzuleek haientzat bereziki prestatutako menu beldurgarria dastatzeko aukera izango dute 10 euroren truke. 210 kromoz osaturiko Munstroak bilduma, bestetik, 1986an egin zen ezagun, eta hura berreskuratu nahi izan dute urteurren berezi honetan.

Horrez gain, III. Zombie Jaialdia egingo dute azaroaren 1ean, larunbata, 19:00etatik aurrera Larratxoko Kultur Etxean, eta Su Ta Gar, Cuarto Oscuro, Hyronika, Ebony Code eta Helldamm taldeak izango dira entzungai. Film In San Sebastian film laburren lehiaketan parte hartu duten hamalau lanak proiektatuko dituzte urriaren 24an, ostirala, Antzoki Zaharrean. Azaroaren 1ean jakinaraziko dituzte irabazleen izen-abizenak.

Gainera, Yugo & Lala (Wang Yunfei) haurrentzako animazio film txinatarraren euskarazko estreinaldia egingo dute larunbatean bertan, 12:00etan Victoria Eugenian, eta urriaren 28an, asteartea, Beñat Iturrioz eta Xabier Padinen Joxean’s hil eben euskarazko filma eskainiko dute 19:45ean Victoria Eugenian.

Zein film ikusi ez badakizu, hona Gaizka Izagirreren gomendioak.