Euskal Herritik atzerrira ihes egin zuten 6-8 lagunen esperientziak bilduko dituen proiektua abiatu zuten 2012an Gari Garaialde, Josu Trueba Leiva eta Iker Oiz Elgorriagak, Kaxa Hutsak izenekoa. Egitasmoak 20-30 argazkiz osaturiko erreportajea, 10 minutu inguruko ikus-entzunezko dokumentala eta 4.000 karaktereko testua bilduko ditu. Finantzaketa lortzeko crowdfunding kanpaina abiatu dute Karena plataforman.

“Espainian Francoren diktadura amaitu zenetik, modu batean edo bestean, Euskal Herria askatzeko borrokan murgildu izanagatik, estatuak sustatu edo/eta babestutako errepresioa eta giza eskubideen urraketak (atxiloketa, tortura, indarkeria parapoliziala…) jasateko beldurragatik ihes egin zuten pertsonen esperientziak bildu, ezagutu eta ezagutzera eman nahi ditugu lan honekin”.

Halaxe aurkeztu dute proiektua Kaxa Hutsak egitasmoaren atzean dagoen hiru laguneko taldeak. Gari Garaialde eta Josu Trueba Leiva argazkilariak eta Iker Oiz Elgorriaga diseinatzaile eta postproduktorea dira, eta “linbo” legal horretan dauden 500 bat euskal iheslariren babesgabeko egoera salatu eta ezagutarazi nahi dute. Horretarako ikus-entzunezko dokumental bat, argazki erreportaje bat eta testu idatzi bat osatuko dituzte 2016a baino lehen.

Egitasmoa finantzatzeko, baina, laguntza behar dute. Karena plataforman crowdfunding kanpaina jarri zuten abian iragan astelehenean, eta azarora bitarte diru ekarpenak egiteko aukera izango da.