El somni dokumentalak eskuratu du Tokioko Latin Beat Film Festibaleko sari nagusia. Franc Aleuk zuzendutako lanak Roca anaiek eta beste hainbat diziplinetako profesionalek elkarlanean osatutako “ametsa” pantailaratzen du, eta Alemania, Txina eta Erresuma Batuko hainbat zinemalditan aurkeztu dute.

Musika, irudiak eta gastronomia batzen dituen proiektua da El somni. Joan eta Jordi Roca anaiek prestatutako hamabi platereko opera gisa planteatu zuten afarira alor ezberdinetako 40 artista gonbidatu zituzten, tartean Freida Pinto aktorea, Ferran Adriá sukaldaria, Rafael Argullol idazlea, Miquel Barceló margolaria eta Joël Candau antropologoa. Hamabi bideo, hamabi baxera, hamabi musika, hamabi ideia eta hamabi karta baliatu zituzten hamabi platerak aurkeztu eta horiek dastatu bitarteko prozesua girotzeko. Hala, gonbidatuen bost zentzumenak martxan jartzea lortu zuten, eta esperientzia zoragarri hura dokumental homonimoan bildu zuten.

Bada, hain zuzen horixe izan da Tokioko Latin Beat Film Festibaleko sari nagusia eskuratu duena. Dena den, erakusketa eta liburua ere barneratzen ditu proiektuak.

Dokumentala iragan otsailaren 10ean Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatu zuten, eta geroztik Beijingo Design Week jaialdian eta Londresko Spanish Film Festivalean emandu dute, besteak beste. Proiektuak berak, halaber, 2013ko Esperientzia Gastronomiko Onenaren saria eskuratu zuen Madrilen egiten duten Film & Cook Festibalean. Izan ere, orain arte sekula gauzatu ez den esperiementua da El somni.