Garapen teknologiko etengabearen aroan, animazio lan gehienak programa informatiko moderno eta berritzaileen bidez ekoizten dira. Bada, ordea, stop motion izeneko teknika, bizia ez duten elementuei mugimendua ematean datzana. Eta berau erabiliz sortu dute, besteak beste, The Boxtrolls filma.

AEBetako Oregon estatuan stop motion edo “gelditutako mugimendua” teknikan espezializatutako estudio bat dago: Laika Films. Hainbat artista eta teknikoz osaturiko lantaldeak 2005ean kaleratu zuen lehen film laburra, Moongirl izenekoa, eta geroztik beste bi film osatu dituzte: ParaNorman eta The Boxtrolls. Lehena Bafta eta Oscar sarietarako izendatu zuten, eta bigarrena urriaren 31n estreinatuko da gurean.

Filma osatzeko, esnatokiak, pertsonaiak, naturako elementuak… alegia, pantailan ikusiko den elementu oro, ezerezetik sortu behar dute, eta figurak pixkanaka mugituz eta aldaketok argazkietan jasoz, bizia eman. Horregatik, prozesuak denbora eta pazientzia behar ditu, tonaka.

Goian ikusgai duzuen bideo laburrean garapen prozesu osoa azaltzen dute lantaldeko kideek, dituzten zailtasunak eta sentsazioak nabarmenduz. Benetan ikaragarrizko lana egiten dute!