http://youtu.be/-WeN01Qs27M

Yugo & Lala animazio lan txinatarra urriaren 25ean, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen baitan estreinatuko dute Tinko Euskara Elkartearen ekimenez. Hain zuzen, filmaren Europako estreinaldia izango da, eta gerora hainbat zinema aretotan izango da ikusgai.

Izaskun Arandia Tinko Euskara Elkarteko kideak Cannesko Zinemaldian ezagutu zuen Yunfei Wang zinegilearen Yugo & Lala lana. Saileko bigarren lana da, baina lehena ilunegia da Arandiaren hitzetan, eta horregatik bigarrena ekarri eta itzuli dute, Euskara Zine Aretoetara ekimenaren baitan aurkezteko.

Yugo 10 urteko haur bihurria eta haren lagun Lala eta Osaba Hartza dira filmeko protagonistak. Hirurak fantasiazko erresuma batean murgilduko dira, eta Tigre Jeneralaren aurka borroka egingo dute herrialdeko agintaritza bermatzeko. Abentura zoragarriak biziko dituzte, noski.

“Kalitate handiko filma da, zoragarria. Lehen aldia da Txinako banatzaile batekin lan egiten duguna, baina prozesua oso erraz egin dugu, eta aurrerantzean elkarlanean jardungo dugu”, azpimarratu du Arandiak. Filma Hong Kongen estreinatu zuten, eta geroztik 9.000 dollar baino gehiago bildu ditu. Europako estreinaldia, ordea, euskaraz izango datorren urriaren 25ean, osteguna, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 50. Astean, eta ondoren zinema aretoetan eskainiko dute.