Tinko Euskara Elkarteak 20 urte bete ditu. Marian Galarragak abiatu zuen proiektuaren helburua haurrei zinema euskaraz ikusteko aukera eskaintzea da, bai eskolen bidez, baita zinema areto komertzialetan ere. Urteurrena ospatzeko, ekitaldi berezia egingo dute urriaren 15ean, asteazkena, Donostiako Zuhatzu Enpresaldean. Baina horren aurretik, Galarraga eta haren alaba Izaskun Arandiarekin izan gara.
Euskara Zine Aretoetara ekimenaren baitan, 100 film itzuli dituzte, 5.000 emanaldi antolatu, eta orotara, 750.000 ikus-entzule inguru eraman aretoetara. Galarragaren hitzetan, dena den, datuak ez dira horren borobilak. “Euskarazko zinema gaztelaniazkoaren parean jarri nahi genuen, eskaintza berbera izan zedin. Eta zentzu horretan, oraindik lan asko dugu egiteko”.
Hala ere, badute zer ospatu. Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astean Yugo & Lala animaziozko film txinatarra estreinatuko dute euskaraz; Europako estreinaldia izango da, eta oso pozik daude lorpenarekin. Gainera, urtarriletik aurrera webgune berritua jarriko dute erabiltzaileen eskura. Eskolengan pentsatuz, bereziki, ataria praktikoagoa izango dela azpimarratu du Arandiak.
Ekitaldia
Urteurrena ospatzeko, beraz, ekitaldia egingo dute urriaren 15ean Zuatzu Enpresaldeko Pia eraikinean, 11:00etan. Bertan, proiektua lagundu duten lagunei eskerrak emango dizkiete, eta gonbidatuei hamaiketakoa emango diete.