Le_malentendu_colonial_zinea

Nafarroako Filmategian Jean Marie Teno zinegile afrikarraren bi lan, Hommage/Afrique, je te plumerai (1985) eta Le malentendu colonial (2004), eskainiko dituzte urriaren 27 eta 28an, hurrenez hurren, Africa Imprescindible Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundearen laguntzarekin.

Jardunean ari den Afrikako zinema-dokumental zuzendari garrantzitsuenetako bat da Jean Marie Teno. Yaundé herrian (Camerún) jaio zen 1954an, eta gaztetan Frantziara joan zen ikasketekin jarraitzera. Zinema errealizazioan lizentziatu ostean, 15 urtez France 3 telebista katean lan egin zuen errealizadore gisa, eta Buana Magazine aldizkarian zinema kritikak argitaratu zituen 1985 eta 1997 artean.

Horrez gain, baina, hainbat pelikula zuzendu ditu, tartean, hilabete amaieran Iruñean ikusgai izango diren biak: Hommage/Afrique, je te plumerai eta Le malentendu colonial.

Lehenak Camerungo bi lagunen istorioa du ardatz, berez, Teno beraren bizitzan oinarrituta dagoen arren. Lagunetako bat kanpora joango da ikastera, eta bestea herrian geratuko da. Gaztetako oroitzapenak, bizimodua, herriko ohiturak… gogoratzerakoan, bi bertsioen arteko aldeak nabarmenak direla ohatuko da ikuslea. Lana hainbat jaialditan aurkeztu zuen bere garaian.

Le malentendu colonial dokumentalak, ordea, europar kolonialismoak Afrikako sinesmenetan eta gizarte-egituran eragindako kalteak aztertzen ditu, Namibiako misiolarien ikuspegian arreta jarriz.

Emanaldiak urriaren 27an eta 28an izango dira, astelehena eta asteartea, hurrenez hurren, 20:00etan. Sarrerak 3 euro balioko ditu.