Indarkeria mota ezberdinez eta horien ondorioak gainditzeko moduez gogoeta egiten duten lau film eskainiko dituzte gaur hasi eta ostegunera bitarte Bilboko Alhondigako Golem zinemetan, Zinexit zikloaren baitan.
Eusko Jaurlaritzaren Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak abiatutako Zinexit zikloak bosgarren edizioa izango du aurtengoa. Orotara lau lan eskainiko dituzte, bat egunean: gaur, urriak 13, Donostiako gotzain Juan Mari Uriartek idatzitako liburuan oinarritutako Reconciliación (Fermin Aio) dokumentala estreinatuko dute 19:30ean.
Bihar, asteartea, Balkanetako gerraosteko zaurien inguruko Srdam Golubovicen Circles emango dute ordu berean, eta asteazkenean Susan Ostergaard eta Beathe Hofsethen Light fly, fly high, Indiako kasten gizarteari eta matxismoari aurre egiten dien Thulasi gazte boxeolariaren istorioa.
Ostegunean, zikloa isteko, Donostia Zinemaldian estreinatu zuten eta kritika bikainak jaso zituen Pablo Maloren Lasa eta Zabala eskainiko dute.
Emanaldi bakoitzaren ostean, gainera, mintzaldia egingo dute. Gaurko eta osteguneko filmen kasuan, zuzendariek hartuko dute parte aktore edo protagonistaren baten laguntzarekin. Bihar eta asteazkenean, aldiz, gaian adituak diren pertsonak izango dira Alhondigan.